Berango, Erandio eta Leioak bat egin dute D ereduaren aldeko kanpainagaz

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 20a, 12:10

Azken zazpi urteotan Bizkaiko Foru Aldundiak babestu duen "D bitamina, Aberastu bere heziketa!" egitasmoa zabaldu da Bizkaiko hainbat udalerritan. Aurten, Bizkaiko 24 udalek eta 2 mankomunitatek landu dute ekimena elkarlanean; horien artean dira Berango, Erandio eta Leioako administrazio publikoak. Udalerri-mankomunitateetatik une desberdinetan banatuko da informazio-kanpaina, betiere 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia hasi baino lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten. Urtarrilaren 25etik otsailaren 5era egongo da ikastetxeetan aurrematrikula egiteko aukera.

 

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz baliatuta, Alkarbidek (Bizkaiko euskara teknikarien bilguneak) koordinatu duen ekimen honetan, liburuxkak banatuko zaizkie kanpainan parte hartu duten udalerrietako 2-3 urteko umeak dituzten 7.000 gurasori.

Aurten ere, kanpainari buruzko iritzia jasotzeko inkesta bidaliko zaie hartzaileei. Inkesta horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gainera, gurasoek kezkak eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei; inkesta betetzen duten denen artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.

Helburua

Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea.

Kanpainaren edukia

Kanpainaren osagarri nagusiak bost dira:

  • Udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena.
  • Inkesta. Gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko. Inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozketatuko da.
  • D eredua aukeratzeko arrazoiak azaltzen dituen triptikoa.
  • Eskolan hasiko diren neska-mutikoentzako oparia (kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua).
  • Kanpainako euskarri denak sartzeko gutun-azala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun