Iraunkortasunaren alde egingo dute eskualdeko hainbat ikastetxek

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 29a, 12:59
Aktibatu+ egitasmoaren aurkezpena. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Busturialdea-Urdaibaiko, Erandioko, Getxoko, Leioako, Mungialdeko eta Txorierriko 19 ikastetxe parte hartzen dabiltza Aktibatu+ ekimenaren laugarren fasean. Ekimen horren bidez, herritarrek ohiturak aldatzea lortu gura du Aldundiak, Bizkaiko ingurumenaren aldeko iraunkortasuna areagotzeko; eskualdeko Txomin Aresti LHI, Artatza-Romo BHI, Larrañazubi HLHI eta Aixerrota BHI ikastetxeek parte hartzen dute, besteak beste.

Aurreko hiru faseetan parte hartu zuten 42 ikastetxeek izandako inplikazioaren ondorioz, ia %20ko aurrezpena lortu da horien energia kontsumoan, baita CO2 isurietan 2 tonako murrizketa ere. Gainera, programa bukatu ostean, ikastetxe gehienek hobetu dute gaikako zabor bilketa, eta zenbait hondakin mota murriztu dituzte. Halaber, ikastetxe horiek hobetu egin zituzten erosketa iraunkorrerako irizpideak, hondakin gutxiago sortzeko.

Etxebizitzei dagokienez, denera, Aktibatu+ programa 73 udalerritan garatu da, 1.500 etxebizitzaren parte-hartzeaz, bataz beste. Eskuratutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da energia kontsumoan %5,8ko aurrezpena izan dutela, ur kontsumoa %2,9 murriztu dutela, %1,9 hondakin gutxiago sortzea lortu dutela eta CO2 isuriak %1,7 murriztu direla, mugikortasun ohiturak aldatuz.

Metodologia

Aktibatu+ proiektuaren asmoa parte hartzen duten ikastetxeetan energiaren kontsumoa %5 murriztea da; etxebizitzetan ere energia eta ur kontsumoa portzentaje berean murriztea gura da. Halaber, gaikako bilketara bideratutako edukiontzien erabilera %12 areagotzea eta CO2 isuriak %7 murriztea dute erronka gisa.

Antolatzaileen arabera, programan proposatzen diren ekintzak aplikatuta, %10erainoko aurrezpena lortu daiteke etxeko gastuetan eta, aldi berean, "ingurua zein bizi-kalitatea hobetzea lortzen da".

Programaren metodologia erraza da. Ikastetxeen kasuan, horietako bakoitzak ikasle talde txiki bat aukeratzen du (20 bat ikasle), irakasle baten ardurapean. Talde horrek izango du proiektua aurrera eramateko ardura, ikastetxe osoa sentsibilizatzeko helburuz.

Hasierako ikuskaritza eginez hasten da proiektua; bertan, neurketa kuantitatiboak eta elkarrizketak egiten dira, jorratu beharreko gaiaren (energia edo erosketa-hondakinak) kudeaketa ikastetxean nola gauzatzen den ezagutzeko. Ikuskaritza egindakoan, emaitzak taldean aztertzen dira, eta ondorio garrantzitsuenak jasotzen dituen txostena osatzen da.

Txosten hori oinarri harturik, jorratzen ari den gaiaren inguruko ekintza eta komunikazio kanpaina garatzen ditu taldeak, eskola komunitatearen ohiturak hobetzeko. Hurrengo fasean, ikuskaritza egiten da berriro, eskuratzen diren datu berriak lehenengo neurketan jasotako datuakaz alderatzeko eta izan diren hobekuntzak baloratzeko. Azken tailerrean lorpen horiek laburbildu eta eskuratutako emaitzak nabarmentzen dira.

Etxebizitzei dagokienean, programaren funtzionamenduaren lehen urratsa Aktibatu+ ekimenaren webgunean erregistratzea da. Parte-hartzaileak izena eman ondoren, honen eguneroko ohituren iraunkortasuna aztertzen du plataformak. Ebaluazio hori burututa, ohiturok ingurumenean duten eragin negatiboa hobetzeko aldatu beharreko alderdiak nabarmentzen dira, horretarako informazio eskuliburu praktikoak erabiliz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun