Elkarrizketak

Ines Bermejo Larrañaga: "Diziplina askotariko artelanak izan arren, xarma handia daukate denek"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mar. 21a, 16:22

Ines Bermejo Larrañaga itzubaltzetarra da "Topaketak" erakusketaren komisarioa; esposizioa apirilaren 4ra arte ikusgai egongo da Kultur Leioan. Itzubaltzeta/Romoko lagunaren zuzendaritzapean, Leioa inguruan diharduten zortzi emakume artistaren lanak ikus daitezke, hil osoan.

Zelan sortu zen "Topaketak" talde-erakusketa egiteko ideia?

Ana Lopez Kultur Leioako teknikariak deitu zidan emakumeek osatutako erakusketa bat martxo inguruan behar zuela esanez; Leioako Kalian elkartearen bitartez, hainbatetan aritu gara elkarlanean. Oraingoan ere baiezkoa eman nion; ideia bikaina iruditu zitzaidan. Hortik abiatuta, proposamen interesgarriak bilatzen hasi, eta, horiek eskuan, artistei deitzen hasi nintzaien. Guztira, zortzi emakume batu nituen erakusketarako.

Gainera, ez nuen pintura, eskultura edo bideora mugatu nahi. Denetarik egotea gura nuen; diziplina askotariko zerbait behar nuen. Eszena-arteen mundutik datozen proposamenak ere aintzat hartu nituen.

Zergatik ipini zenioten "Topaketak" izena erakusketari?

Erakusketan parte hartzen duten emakume gehienek Arte Ederren fakultatean ezagutu zuten elkar; nik ere eurekin ikasi nuen. Getxoarten ere batera ibili ginen... Berriro elkartzea oso kontu polita suertatu zitzaidan. Bestalde, Eugenia Guridiren eta Andrea Gutmanen kasuan, Argentinarrak izan arren, hemen, inguruan, dihardute. Biak Leioan bizi arren, ez dute inoiz Kultur Leioako erakusketa-aretoan margorik edo eskulturarik aurkeztu; aukera ederra izan da!

Zein helburu dauka erakusketak?

Inguruko artisten lanak hemengo ikusleei erakustea da helburu nagusia. Hala ere, artelanek ez daukate hari eroalerik; agian, Eugenia Guridiren eta Eider Agueroren margoen artean badago elkarrizketa bat; baina, esaterako, Laurita Silesen "Muturbeltz" obra oso ezberdina da.

Zelan definituko zenuke parte-hartzaile bakoitza?

Parte-hartzaile bakoitza oso berezia da. Gainera, erakusketa honetan artelan oso berriak aurkeztu dituzte; esan daiteke inoiz baino gehiago arriskatu dutela esposizio honetan. Euren gustuko lan bat eginda eduki arren, beste bat aurkeztera ausartu dira. Esate baterako, Leire Muñozek "Tirachinas" (Slingshot) izeneko bideoa ikusgai jarri du. Bestalde, lehenengoz erakutsi du Cristina Ezkerrak "Llorame un rio" instalazio multimedia. Jone Saituak eta Idoia Garaik, berriz, bereziki erakusketa honetarako egin dute Kultur Leioan ikusgai dagoen performancea. Esan bezala, arriskatu gura izan dute denek.

Ikusleak zer aurkituko du proposamen honetan?

Artelan oso ezberdinak topatuko ditu ikusleak: bideo-mundutik datozenak, eskultura, ilustrazioa, collagea... Desberdinak izan arren, xarma handiko lanak dira.

Non gehiago ikusi ahal izango da?

Kultur Leioak emandakoa da suertatu zaigun aukera bakarra; niri asko gustatuko litzaidake, esaterako, Getxora eraman ahal izatea. Baina, bertoko arduradunekin hitz egitea falta zaigu. Niri dagokit hori bermatzea.

Bestalde, seguru asko elkarlanean jarraituko dugu, gutariko askok Garrobi arte eta kultur elkartean parte hartzen dugu-eta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun