Hemeretzi urte arteko espetxe zigorra eskatu dute Arantza Zulueta eta beste zortzi lagunentzat

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 20a, 13:03

Hemeretzi eta zazpi urte arteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak 2010ean atxiloturiko bederatzi abokatu eta presoen alde ziharduten ekintzaileentzat. Lemoizko bizilagun Arantza Zulueta abokatuarentzat, hemeretzi urteko zigor-eskaera eskatu du Jose Perals fiskalak, "erakunde terroristako kide izatea" eta armak zein lehergailuak edukitzea egotzita, Argia astekariak zabaldu duenez.

Bestalde, hamabi urte eskatu ditu Jon Enparantzarentzat. Naia Zuriarraini hamaika urte eta Julen Zelaraini eta Iker Sarriegiri hamarna urte eskatzen die arrazoi berarengatik.  

"Talde terroristari laguntzea" egotzi die fiskaltzak gainerakoei: Joxe Domingo Aizpuruari bederatzi urte eta Saioa Agirreri, Juan Mari Jauregiri eta Nerea Redondori zazpina urte.

2010eko ekainean egindako polizia operazioan atxilotu eta 2014ko uztailean auzipetu zituzten guztiak, ETAren eta EPPKren artean "lotura" lanak egin eta presoen kolektiboa "kontrolatzen" zutelakoan.

Saioa Agirre Sopelan atxilotu zuten

Garai horietan Saioa Agirre zornotzarrak Sopelako Zipiriñe ikastetxean lan egiten zuen; hura atxilotzeko, Guardia Zibila eskolara joan zen, eta klase ordutegian eskola barrura sartu zen izugarrizko izua eta urduritasuna sortaraziz. Atxiloketa hori salatzeko Zipiriñeko komunitateak eta Udalak idazkiak zabaldu zituzten egun horietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun