Elkarrizketak

Gibelurdinek: "Uste baino lotura handiagoa dauka MacGowanek gugaz"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2016ko api. 21a, 16:28
Giberlurdinek eta Unai Elorriaga "Shane MacGowanen gibela" ikuskizunerako prestaketetan.

"Shane MacGowanen gibela" ikuskizuna osatu dute Unai Elorriaga idazle algortarrak eta Gibelurdinek musika-talde uribekostarrak. Ekaitz Larrazabal "Katxo" eta Josu Aurrekoetxea musikariek azalpen batzuk eta misterio gehiago eskaini dizkigute, Shane MacGowan The Pogues taldeko abeslari mitikoaren bizitzara hurbildu gura gaituen obra horretaz. Bariku honetan Bilboko Kafe Antzokian estreinatuko dute, 21:00etan; eta hurrengoan, hilak 29, Sopelako Kurtzio kultur etxean izango dira, 20:00etan.

Barikuan, "Shane MacGowanen gibela" lana ikusgai izango dugu Bilboko Kafe Antzokian. Astebete geroago, Kurtzion. Saio gehiago izango dira?

Ekaitz Larrazabal: Bai, jakina! Leku batzuetan daborduko asmoa agertu dute eroateko, baina oraindino lotzeke daude: Arrigorriaga, Zumarraga... eta ahal bada leku gehiagotan egin, han egongo gara.

Josu Aurrekoetxea: Orain ikuskizuna ezagutarazten gabiltza. Saio bi horien ostean, bolo batzuk egiteko asmoa behintzat badaukagu.

Diskoan ikusiko dugu?

E.L.: Ez da disko-formatuan emateko ikuskizuna.

J.A.: Zuzeneko ikuskizuna bat da, eta, momentuz, ez dago grabatzeko ideiarik. Datorrenak ikusiko du, eta ez datorrena... gogoz geratuko da!

E.L.: Beraz, gomendatzen dizuegu, aukera baduzue, Sopelara edo Bilbora joatea.

Zelan sortu da Elorriaga eta zuon arteko elkarlana?

E.L.: Galdera ona; erantzuna ez da hain erraza...

J.A.: Bera hurbildu zitzaigun egun batean, gure musika gustatzen zitzaiola-eta. The Poguesen abeslariaren inguruko miresmen modukoa zeukan; pertsonaiak erakartzen zuen. Etorri zitzaigun ideia, istorio eta proiektu bat egiteko asmoagaz. Guk onartu genuen, eta ordutik lanean gabiltza.

Orain dela zenbat izan zen Elorriagaren eskaintza?

J.A.: Etorri zen gugana, orain dela hiru bat urte, baina lehenengo urtean gu musika lantzen egon ginen; gero Gibelurdinen barruan, beste proiektu batzuk eroan ditugu aldi berean: kaleko espektakuluak prestatu ditugu paraleloan. Azkenean, ez gara profesionalak; badugu gure lana, gure bizitza... eta gure erritmoa... hiru urteko lana dago hor.

E.L.: Sasoi batez egon da hau tiradera batean sartuta. Ideia hor zegoen, baina ez dakit jarraian zenbateko lana egon den... ez nuke jakingo esaten.

Orain, beste zerbait prestatzen zabiltzate batera?

E.L.: Ez. Kontu horregaz nahikoa beharra daukagu!

Zergatik aukeratu zuen Elorriagak MacGowan?

J.A.: Berak erantzuteko galdera da hori, baina pertsonaia berezi bat behintzat bada.

E.L.: Beti izan du gustuko bere musika, bere baladak eta poemak. Apur bat Unai literatura-alorretik dator, eta MacGowanek badauka...

J.A.: Tipoa intelektual bat da, azken finean.

Zuei ere erakargarri egin zaizue?

J.A.: Bai. Musikalki ez dugu Irlandako eta The Poguesen musika jotzen, baina bazen gertuko musika bat. Unaik ezagutzen gintuen; herrikoak gara, eta pentsatu zuen: "nire ideia hau egiteko, Gibelurdinek talde aproposa izan leike". Eta apur bat hortik etorri da kontua. Gainera, folk-musika da, eta gu horretan gabiltza. Denetik egiten dugunez, azkenean The Poguesen paperean jarri gara, The Poguesenean eta beste askorenean, dena ez baita The Pogues. Espektakuluan berba eta testuak daude, eta atzetik musikatuta dago, ez beti The Poguesen abestiakaz. Beste kantu batzuekaz ere bai.

MacGowanegaz harremanen bat izan duzue?

J.A.: Oraindino, ez.

E.L.: Proiektua aurrera ateratzea nahiko harremana da, berez.

J.A.: Agian, egunen batean, beragaz elkartuz gero, esango liguke: "Nortzuk zarete? Zer ostia egin duzue? Nire gibelaren gainean zer esaten duzue?".

E.L.: Ondo legoke, bai.

Bere biografian arakatzean, «deskubrimendu harrigarri bat» egin duzuela zabaldu duzue. Zeozer aurrera dezakezue?

J.A.: Ez. Deskubrimendu horren jabe egiteko espektakulua bera ikusi beharra dago. Hori da bere muina.

E.L.: Euskal Herriagaz harreman berezia duela.

J.A.: Uste dugun baino lotura askoz handiagoa dauka MacGowanek gugaz, Euskal Herriagaz. Hor utziko dugu; deskubrimendua hortik doa: zer lotura duen, zergatik bera, zergatik Euskal Herria, zer daukagu guk komunean tipo mozkor horregaz?

Musikaren oinarria The Poguesen kantak izanda, aukera izango dugu "Birmingham Six" bezalako zentsuratutako abestiak entzuteko?

J.A.: Ez, ez gara sartu gai horretan. Hartu ditugu The Poguesen gogoko genituen abesti batzuk, eta beste abesti asko ez dira eurenak. Historia bati laguntzeko soinu-banda da. Pertsonaia The Poguesen abeslaria da, eta asko dira euren kantak, baina askotarikoa da.

Zein abesti entzungo ditugu?

J.A.: The Poguesenak, "Dirty Old Town" klasikoa, "Fiesta", eta abar; eta haienak ez diren bals batzuk ere bai.

MacGowanen The Popes taldearen baten bat?

J.A.: Ez, ez dut uste. Gero, Irlandatik kanpoko musika ere ager daiteke, beste herrialde batekoa.

Besterik jakiteko ikuskizunera joan beharra dago?

J.A.: Bai. Zuzenean ikusteko espektakulua da.

Musika aldetik, zaila izan da hainbat kantaren bertsioak egitea? Batez ere The Poguesekoen kasuan, ikusita zuek lau zaretela eta haiek zortzi zirela?

E.L.: Badauka bere zailtasuna, eta sonoritate-aldetik ez gabiltza imitatzen. Hori ez zen gure asmoa.

J.A.: Gainera, instrumentuak aldatuko ditugu, zeozer berria egiteko. Katxo bera perkusio-mota berri bategaz dabil; ni ere banabil beste instrumentu batzuekaz, Gibelurdinek taldeagaz orain arte ez nituenak jotzen. The Poguesen abestiak imitatzeko zailtasunak baino, gure berregituraketak ekarri digu lana.

Zuk, Josu, zeharkako txirula irlandarraz jo duzu.

J.A.: Bai, Irish flute. Duela gutxi aldatu naiz instrumentu horretara, eta eguaztenetan jotzen nabil jende bategaz. Musika irlandarrean instrumentu enblematikoetako bat da hori, eta aukera polita iruditzen zitzaidan sartzeko. Uste dut ekarpena egiten duela. Kostatu zaigu; bere lana dauka. Putza, kabroia da. Baina gustura ibili naiz saltsan; gauza berria da. Orain erreta gabiltza hainbeste entsegugatik, baina orokorrean pozik gaude; esperimentua da guretzat.

Eta zure kasuan, Ekaitz, zelan aldaketa?

E.L.: Bateria gaitzagoa da; orain arte kajoiagaz ibili naiz. Sinpleki egiten ahaleginduko gara.

Oholtzatik ala Gibel-gerrillan? Zein gurago duzue?

J.A.: Kalea da gehiago gure lurraldea.

E.L.: Plazaren arabera, baina gehiago gara kalekoak; hala jaio ginen, kale-musikari, eta errazagoa egiten zaigu, beroagoa eta hurbilagoa. Agertokia urrunagoa da eta landu beste modu batera landu beharrekoa.

Taldea 2010ean sortu zenuten. Zelan zaudete?

J.A.: Gauza asko egin dugu: diskoa, instrumentuen erakusketak, kontzertuak, kale-espektakuluak, oraingo hau, film baten soinu-banda... Ondo-ondo ez dakit zer egiten dugun, baina gauza asko, bai!

E.L.: Sei urte asko dirudi, baina arin pasatzen da, eta gure asmoa da luzaroan ibiltzea, The Dubliners-en antzera: 50 urte barru ea zelan gabiltzan! Proiektu hau amaituta, beste saltsaren batean sartuko gara. Berriztu behar dugu errepertorioa, barrurako bidaia.

J.A.: Lehenengo urteak pasatuta, taldeak berak eta guk beste heldutasun bat eskatzen dugu, gauzak beste era batera egitea. Eboluzioa da. Honegaz ea zer gertatzen den. Etorkizuna zalantzazkoa da.

HIRUKAko irakurleei mezuren bat?

E.L.: Irakurzaleak badira, eta euskara eta kultura maite badute, aukera ezin hobea da gure ikuskizuna ikustea, hiru elementu horiek batzen direlako.

Shane MacGowan

Shane Patrick Lysaght MacGowan kantagile, poeta, musikari eta abeslari irlandarra 1957ko Eguberri-egunean jaio zen, Kent konderrian (Ingalaterra). Etorkin irlandarren semea, musika tradizionalaren altzoan hazi zen. Sei urtegaz, Londresera joan zen bizitzera sendiagaz.

Sex Pistols-en eraginpean, 1970eko hamarkadaren amaieran The Nipple Erectors banda osatu zuen. Hurrengo hamarkadaren hasieran, ordea, Irlandako musika tradizionala eta punka nahastuko zituen Pogue Mahone (gaelikoz, Pog Mo Thoin; euskaraz, Musuka Ezak Nere Ipurdia) taldea osatu zuen, baina disko-etxeak behartu zien ‘The Pogues’ jartzen. Taldeak egundoko festazale eta mozkorti ospea bereganatu zuen eta "Dirty Old Town", "Fiesta" edo "Yeah Yeah Yeah Yeah Yeah" bezalako abesti mitikoak plazaratu zituen.

1990ean, MacGowan desintoxikazio-zentrotan sarrarazi zuten eta The Poguesek aurrera egin zuen bera barik. Urte batzuk The Popes talde berriagaz jo ostean, 2001ean bueltatu zen The Poguesera, 2014ra arte. 2001ean ere bere biografia idatzi zuen: "Trago bat Shane MacGowanekin".

Shane MacGowanen erretratua, Dublinen emandako kontzertu batean, 2008ko uztailean. (MARCUS LYNAM)

Shane MacGowan. MARCUS LYNAM

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun