Elkarrizketak

Erika Bilbao Barcena: "Amaitu barik dagoen gatazka baten gerra-trofeoak gara"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko mai. 13a, 16:47

Erika Bilbao Barcena eta beste zortzi euskal herritar epaitzen hasiko dira martitzenean, maiatzak 17, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ekin erakundeko kide izatea egotzita, bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu dute, Erandiokoa izan arren, bere ibilbide politikoa Leioan garatu duen emakumearentzat. Epaiketa ekainaren 2ra arte luzatzea aurreikusi dute. Bilbao eta beste zortzi euskal herritar 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Guardia Zibilak. Bost egun egin zituzten inkomunikatuta; torturak salatu zituzten. 2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik Erika.

Zer irakurketa egiten duzu epaiketaz?
Sentsazioa daukat ezer baino gehiago gerra-trofeoak izan ginela 2010ean: ETAk su-etena iragarri, eta egun batzuetara, atxilotu gintuzten, eta komunikabideetan, oihartzun handia eman zieten gure atxiloketei, atzerriko hedabideetan ere bai. Izugarri harritu ninduen etxetik atera nindutenean, eta neure burua kazetariz inguratuta ikusi nuenean. Ez nuke esan barik utzi nahi Leioako Kurkudi herriko taberna miatzera sartu zirela, eta langileen soldaten dirua eraman zutela; haiek ondo baino hobeto zekiten zertarako zen dirua.

Gainera, ETAk iragarritako su-etenaren erantzuntzat jo zituen gure atxiloketak Espainiako Gobernuak berak. Sei urte beranduago, logika berberean kokatzen da maiatzaren 17tik aurrera egingo diguten epaiketa; Euskal Herriari eta bake-prozesuari begira, jarrera berbera mantentzen segitzen dute Madrilen. Oraindik amaitu gabe dagoen gatazka baten gerra-trofeoak gara.

Behin baino gehiagotan salatu duzue tortura bidez zeuon burua erruduntzat jo eta sinatzea eragin zizuetela, eta horretan dagoela oinarrituta epaiketa.
Oso modu basatian hartu gintuzten... Inkomunikaturik egon ginen bost egun horietan, nire bizitza osoan lehenengo aldiz, eta, zorionez azkenengoz, pertsona izango ez banintz bezala tratatu ninduten. Gizatasun izpirik ez duen kontua da; inongo logikatik kanpo dago. Egiten duzuna egiten duzula ere tratu txarrek aurrera jarraitzen dute bost egunean. Gaur egun, oraindik, erabat itxi eta sendatu gabe jarraitzen dute orduko zauriek.

Aurreko batean esan zenuen zoriontasun-sentimenduaren antzekoa sentitu zenuela espetxera heldu zinenean.
Bost egun horiek bukatzeak zoriontasunez bete ninduen. Espetxera heldu nintzenean, lo egiten, atseden hartzen, bakean utz ziezadaten... behar nuen; horixe eman zidan kartzelak lehenengo egunetan.

Torturatu zintuzten horiek epaiketan deklaratzen ikustea ere ez da erraza izango, ezta?
Abokatuei eskatu diegu dispentsa eska dezaten, egun horietan aretoan egon behar ez izateko; baina ikusten ari gara ez digutela aukera hori emango. Eman zuteneko aurrekari bakarra dago; ez da aurreikusten berriro emango dutenik. Izan ere, zelanbaiteko aitortza bat dakar horrelako erabaki batek: «ez bazen ezer gertatu, zelan sufrituko dute?» da euren logikaren parte den ideia; epaileak badaki dispentsa emateak zama daukala atzean. Seguruenik, irentsi egin behar izango ditugu haien lekukotza-saioak.

Zentzurik dauka urte bi espetxeratu izanak, eta, oraindino ere, epaiketarako ia beste lau urte gehiago itxaron behar izanak?
Ez dauka inolako zentzurik, Espainiako Estatuak horrelakoetara ohituegi gauzkan arren. Teorian, ihes egiteko edo frogak ezkutatzeko arriskua dira behin-behineko espetxealdia agintzeko arrazoi nagusiak. Aurretik ere, guztiz frogatuta zegoen bizitza normala generamala; nik neuk hipoteka bat daukat. Zerbait ezkutatzeko arriskuari dagokionez, gu atxilotu ostean, ez zuten bestelako ikerketarik egin; ez zegoen lege-oinarririk, gu behin-behineko espetxealdian bi urtez edukitzeko.

Pertsona suntsitzeko nahiari ere lotu dakioke behin-behineko espetxealdi hori: bost egun inkomunikatuta pasarazi ostean, jakin badakite sortutako beldur eta ezinegon guztia barrura arte zelan sartu guri, eta kartzelara sartzeak bere pisua daukala pertsona hausteko.

Azken urte hauetan zure bizitza-proiektua egiteko aukera ukatu dizutela uste duzu?
Erabat ukatu didate. Ez daukat aukerarik erabakitzeko hemendik eta urtebetera zer egin nahi dudan; ezin ditzaket egin epe erdi edo luzeko planik. Ez dakit zer egingo dudan; baina, esate baterako, amatasunerako aukera erabat mugatuta daukat; 32 urterekin atxilotu ninduten, eta 37 dauzkat orain. Erabakirik ezin dugu hartu; ez daukagu inolako kontrolik gertatuko denaren inguruan.

Torturez gainera, epaiketan, eskubide zibil eta politikoen defentsa auzitan jartzen dela diozue.
Lehen aipatu bezala, oso argi daukagu jokaldi baten gerra-trofeoa garela; baina, batez ere, gure ekinbide politiko eta soziala zigortu nahi dute. Bere garaian, terrorismoaren aitzakiaren pean, hamaika bide zabaldu zituzten euskal herritarrak zigortzeko eta jendeari aktibo politiko izateko aukera mugatzeko edo beldurra sartzeko; kate horretan beste katebegi bat baino ez gara gu. Oso argi daukate erakundeko kideak ez garela; ez gaituzte horregatik epaituko. Euskal Herriaren eskubideen aldeko lan horretan guk ekarpena egin izana zigortu gura dute.

Euskal Herri osoko kanpaina abiatu duzue.
Euskaldunak ez gara bigarren mailako herritarrak; herritarrak garen neurrian, dauzkagun eskubideak errespetatu beharrezkoak direla sinisten dugulako sortu da kanpaina. Amerikako Estatu Batuetan afroamerikarrek pairatzen duten basakeria polizialari erreparatuta bururatu zitzaigun "Basque lives matter" goiburu horrekin irudikatzea kanpaina. Izan ere, beltza, euskal herritarra edo siriarra izateagatik, zure bizitzak ez du besteenak baino gutxiago balio. Kanpainaren barruan, besteak beste, manifestua egin dugu norbanako eta kolektiboen atxikimenduak jasotzeko; mozioak aurkezten gabiltza bakoitzaren udalean; eta Eusko Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako hainbat erakunderen ordezkarirekin bildu gara.

Jasotako erantzuna zelakoa izan da?
Arartekoekin, legebiltzarkideekin, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiarekin, Emakunderekin... batu gara; iaz ere, gu gure egoeraren erantzule egiten garen heinean, uste dugu arduradun politikoek gertatutakoaren gainean erantzukizunak ere hartu behar dituztela.

Orokorrean, inork ez du zalantzan jarri erabat injustua dela egoera; baina nire ustez, emozionalki ez da erabatekoa; nahikoa izan da administrazio publiko ezberdinekin izan dugun harremana: "bidegabea da, baina ezin dut ezertxo ere egin", erantzun digute. Horrelako jarrerekin, 2010eko bost egun horietan sufritu genuen babesgabetasuna bere horretan mantentzen dute. Gertatu denaren aitortza politikoa eta soziala egitea beharrezkoa da; berriro ez gertatzeko neurriak hartzea ere bai.

Azken udal batzarrean, Leioako EAJk ere babestu du tortura salatzeko mozioa.
Badakite zer gertatu zen bost egun horietan. Egia da Leioan aurrekaririk ez daukagula zentzu horretan, eta, horrenbestez, positibotzat jo behar dugu. Baina onartu duten adierazpenetik harago joan zitezkeela uste dut. Agian, maila emozionaletatik ari naiz berriro ere...

PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten.
Momentu batean esperantza izan nuen PSOEk abstentziora joko zuela; izan ere, jakin badakit Leioan eman nuen hitzaldian alderdi sozialistaren kideren bat presente egon zela, eta egia esaten ari naizela badakiela. Baina, azkenenean, logika politiko orokorrek pisu gehiago izaten dute horrelakoetan. Hala ere, nik badakit egin zigutena astakeria iruditzen zaiola PSE-EEko zinegotzietako bati.

Bidean jende askoren babesa aurkitu duzue?
Babesgabetasun-egoera orokor horretatik aparte, egia da herri-mailako zein bestelako espazioetan erabat babestua sentitu naizela. Horrek indarra ematen du; maiatzaren 17an aldarte hobeagoarekin joateko nahitaezkoa da babes hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun