"Berangoko Ideiak – Berango aldatu zure ideien bitartez" lehiaketa abiatu du Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 26a, 11:30

Berango aldatzeko ideia bila dabil Udala, eta gazteei begirako ideia-lehiaketa antolatu du; aurten martxan ipinitako Berango Hiri Gaztea egitasmoaren barruan.

Batez ere 16 eta 35 urte arteko berangoztarrei zuzendutako ideia-lehiaketa bada ere, «Berangokoak ez direnek ere parte har dezakete, Berangon erroldatuta dauden gazteekin batera» aurkezten badira. Banaka zein taldeka (gehienez 4 lagun) aurkez daitezke ideiak, eta gai hauen ingurukoak izan daitezke proposamenak: gizartea, ingurumena, euskara, arteak, sarekoa, antolakuntza, kultura-artekoa, kirola...

Udal arduradunek azaldu dutenez, ekimenaren helburuak ondokoak dira: Berangoko kultura ekintzailea sustatzea, eta horrela, gizarte berrikuntza- eta garapen-proiektuen sorrera sustatzea; Berangoko gazteen artean ekimenak sortzeko eta garatzeko jarrera eta euren parte-hartze aktiboa sustatzea; auto-okupazioa, kultura ekintzailea eta ekintza-proiektuen eta enpresen sorrerarekiko interesa sortzea, besteak beste.

«Berangon bideragarria eta aplikagarria den proiektu bat» izatea eskatu dute, "ekintzailetzarako/gizarte berrikuntzarako proiektu bat, eta eskaera bat nahikoa da; Etorkizunean proiektu horiek inplementatu ahal izatea nahi da, Berangoko Udalaren eta parte-hartzaileen artean lor litezkeen akordioen bitartez".

Horiek zelan aurkeztu jakiteko gidoi-proposamena ere egin dute oinarrietan antolatzaileek. Lanak formatu ezberdinetan aurkeztu ahal izango da: testua, ikus-entzunezkoa, zein formatu digitala;  eta ekainaren 27tik irailaren 1era bitartean bidali beharko dituzte parte-hartzaileek, e-mailez. Sariei dagokienez, 500 euro eta formakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera emango dute, besteak beste.

lanak aurkezteko: mesajovenberango@gmail.com
info+: www.berango.net

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun