Goizeko 08:20an dauka hitzordua Urdulizko ospitalean zainduko duten lehenengo pazienteak

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 6a, 12:21
Uztailaren 1ean inauguratu zuten Urdulizko ospitalea.

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea eguen honetan zabalduko dute, uztailaren 7an, goizeko 08:00etan, kanpo-kontsultak eta erradiologiako zerbitzurako hitzordua duten lehenengo pazienteei arreta emateko. Horiek izango dira Osakidetzako erietxe berriak emango dituen lehenengo zerbitzuak; Uribe Kostako, Uribe Butroeko eta Mungialdeako 175.000 pertsonari arreta eskainiko die.

Ehun pertsonek baino gehiagok daukate biharko hitzordua kanpo-kontsultetan eta erradiologia-probak egiteko Urdulizko ospitalean. Kanpo-kontsultak, honako espezialitateakaz hasiko dira: kardiologia, erreumatologia, oftalmologia, neurologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta urologia.

Erradiologiako zerbitzuak ondorengo tresna hauek dauzka: EMN, erradiologia konbentzionaleko hiru aparatu, teleagingailua, mamografoa, ortopantomografoa, OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala), eta hiru ekografo. Bihartik aurrera hasiko dira probak.

Hurrengo sei hilabeteetan, kanpo-kontsultetan 23.500 paziente zaintzeko asmoa dute, eta 26.000 baino gehiago erradiologiako zerbitzuan.

38.000 metro koadro

Alfredo Espinosa ospitaleak 38.000 metro koadro eta zerbitzu- zein espezialitate-eskaintza zabala dauzka. "Ezaugarri horiek dituen ospitalea abian jartzeak dakarren zailtasunak kontuan hartuta, zerbitzu eta espezialitateak, progresiboki zabalduko dira beste laguntza-gailuekin batera; izan ere, kalitate eta koordinazio mailarik altuena lortzea baitauka ospitaleak", osasun-arduradunek azaldu dutenez.

Ospitaleak abangoardiako teknologia dauka gaixotasunen diagnostiko eta tratamendurako. Berbarako, erresonantzia magnetiko digitala dauka, Estatuan ezaugarri horiekaz instalatu den lehen tresneria, 1,5 T-koa. "Horrek, euskal osasun sistema buruan mantentzen du, teknika berritzaileei eta diagnosi-ahalmenari dagokienez", gaineratu dute Osakidetzakoek.

Erresonantzia magnetiko berri eta aurreratu horregaz, urtean 8.000 miaketa inguru egingo dituzte, errazak zein konplexuak. Horrek etekin garrantzitsuak ekarriko ei dizkie langileei; eta bereziki, pazienteei. Gailuaren diseinuak eta teknologia berritzaileak, miaketen eraginkortasun nabarmenagoa, sendotasuna eta kalitatea dakar, konfort gehiagogaz batera.

2017an osorik zabalik

Zerbitzuak zabaltzen joan ahala, eta ospitalea errendimendu osoz lan egiten dagoenean, 2017an, aurreikusten da artatuko dituela 175.000 lagun, 74.000 larrialdi eta 4.000 paziente kirurgia-ospitalean; modu berean, 8.000 kirurgia-ebakuntza eta gutxi gorabehera 12.700 ospitaleratze.

Bestalde, 600 profesionalek baino gehiagok osatuko dute Osakidetzako langileen zerrenda eta haien zeregina pazienteak jagotea eta zaintzea izango da. Ospitale berrian zerbitzuak emango dituzten profesional guztien artean, 425 dira sail guztietako lanpostu berriak lortu dituzten langileak.  

Urdulizko ospitalea martxan jartzeko 60 milioiko inbertsioa egin dute eta urteko funtzionamenduak 45 milioiko kostua edukiko du. Hori horrela izanda, "Osakidetzak eta Osasun Sailak Uribe eta Mungialdeako herritarrei eskainitako osasun-arreta nabarmenki hobetzea du helburu; beti ere, egungo prestazioak eta pazienteen laguntza-kalitatea emendatuz".

Bisitaldi gidatuak

Uztailean, arrastiz, gura duenak aukera edukiko du Urdulizko ospitalea bisitatzeko. Horrela, erabiltzaileek zuzenean ezagutuko dute ospitalea, azpiegiturak, funtzionamendua, eskaintzen dituen zerbitzuak eta ospitaleagaz lotuta dagoen beste edozein gai. Uribe ESIak bisitaldi gidatuak antolatu ditu hurrengo egunotarako, edo aldez aurretik lekua gorde daiteke telefono zenbaki honetara deituz: 946 134 800.

Era berean, lehenengo egunetan, informazioa eskaintzeko gehigarriak ipiniko dituzte pazienteei laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun