Movistar, Lampre eta Orica txirrindularitza-taldeak izango dira domekan Getxoko zirkuituan

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 28a, 11:42
Landa, Arrizabalaga eta Alvaro Gonzalez, Getxoko Zirkuituaren aurkezpenean. © GETXOKO UDALA

Nazioarteko mailako bederatzi taldek hartuko dute parte domeka honetan, uztailaren 31n, Getxoko 71. Zirkuituan, Ricardo Otxoaren omenez egingo den 16. edizioan. Lasterketa Punta Galea txirrindulari-elkarteak antolatzen du. Proba 09:30ean hasiko da, Ricardo Otxoa zenari aurreskua dantzatu ondoren, eta 13:30ean amaituko da; 170 kilometrokoa izango da, Getxo, Berango eta Leioan zehar. Aurreko urteotan legez, irteera eta helmuga Arkotxako murruan izango dira, Getxoko epaitegien aurrean; beraz, Ereagako hondartzatik barrena Txomintxutik gora igoaz iritsiko dira txirrindulariak, eta ikuskizuna bikaina izango da.

Joseba Arrizabalaga Punta Galea txirrindularitza-elkarteko presidente eta probaren zuzendariak ezagutzera eman du aurtengo edizioan parte hartuko duten hurrengo bederatzi taldeak: Movistar, Lampre Merida eta Orica Bike Exchange (hirurak World Tour mailakoak); eta Caja Rural, Burgos BH, Murias, Amore & Vita, Massi Kuwait eta Dare Gobik. Arrizabalagak denei eskertu die "euren partaidetza eta konpromisoa zirkuitoagaz. Zailagoa da data hauetan talde gehiago lortzea egutegi handia dagoelako, eta gainera Olinpiar Jokoak izango dira, baina ikuskizuna Getxon ziurtatuta dago".

Denera, txirrindularien kopurua 54 eta 72 bitartekoa izango da. Movistarri dagokionez, taldeak ez du oraindino argitu zein txirrindulariak ekarriko dituen, baina kontu bat ziurra da: Jonathan Castroviejo itzubaltzetarra ez da egongo, egun berean Rio de Janeirora bidaiatuko duelako. "Zorte izan eta dominaren bat irabaz dezan" opa dio Arrizabalagak. Bestalde, ikusteke dago Juanjo Lobato etorriko den. Movistarrekoak zirkuitua irabazi du 2011n eta 2013an eta bigarren postuan geratu zen iaz.

Tradizioa urratuta

Aurten lasterketaren ohorezko zuzendariei lotutako tradizioa apurtuko da; orain arte, 25 urte lehenagoko irabazleak bete izan du funtzio hori. Edizio honetan, Adrie Van Der Poel herbeheretarrari zegokion ohore hori, baina Van Der Poelek uko egin behar izan dio. Semea Olinpiar Jokoetan izango da eta berak lagunduko du, bere prestatzailea baita. Punta Galeak ahaleginduko du herbeheretarra datorren urtean ekartzen. Izan ere, aurtengo edizioan Van Der Poel ordezkatzeko Mathieu Herman bere herrikidea izango da, 1992an zirkuituan nagusitu zena. Herman txirrindularitza profesionalean ibili zen 1985. urtetik 1993. urtera, Orbea, Seur eta Lotus Festina bezalako ekipoetan eta 57 garaipen lortu zituen, horietako 9 Espainiako Vueltan eta 1 Frantziako Tour-ean.

Ibilbidea "ez da aldatu azken urteotan", Arrizabalagak azaldu duenez. Txirrindulariek hamar bira emango diote honako kale, etorbide eta errepideetatik igaroko den zirkuituari: Foru, Arkotxa, Euskal Herria, Telletxe, Aingeruaren Etorbidea, Zientoetxe, Kurtxes (Berango), Plentzia-Bilbo errepidea, Ollaretxe, Makaleta etorbidea, Gobelaurre, Gabriel Aresti (Leioa), Lamiakoko dartsena, Autonomia etorbidea, Eduardo Koste, Zugatzarte etorbidea, Arriluzeko kaia, Ereaga hondartza, Txomintxu eta Foru.

Getxoko Nazioarteko Txirrindularitza Zirkuituaren aurrekontua 69.000 euro ingurukoa da, eta 14.500 bat euro banatuko ditu sarietan. Proba Nazioarteko Txirrindularitza Elkartearen (UCI) egutegian mantentzen da.

"Lan itzela"

Imanol Landa Getxoko alkateak eskertu du Punta Galea txirrindulari-elkarteak egiten duen "lan itzela", maila altuko ekimena eta ibilbide luzekoa lortzeko, "71. edizio, urtez urte", nabarmendu duenez. Bere ustez, Getxoko zirkuitua hitzordu "berezia" da: "jakin badakigu lehiaketa antolatzeko zailtasunak eta eskakizuna are eta zailagoak direla urtetik urtera. Nazioarteko egutegian egun hori mantentzeak eta txirrindularitza bezalako kirol oso profesionalizatuan kategoria handieneko taldeak izateak erakusten dute Punta Galea txirrindulari-elkartea osatzen duten pertsona guztien talentua, egiten jakitea eta konpromisoa, ez bakarrik proba honetan, baizik eta urte osoan zehar”. Landak "adibidetzat" jo du Punta Galea, "Getxon kirolaren alde zelan lan egiten den" ezagutzeko: "Getxoko klubek ederki lan egiten dute kirola bultzatzeko, bai lehiakorra baina baita oinarrikoa eta osasunari lotutakoa".

Era berean, Landak gogorarazi ditu Getxoko kirola bost kirolarik ordezkatuko dutela Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan: Jonathan Castroviejo txirrindularia, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey-jokalariak, Barbara Pla errugbilaria eta Asier Garcia eskubaloi-jokalaria, Joko Paralinpikotarako aurretiko selekzioan dagoena.

Zirkulazio-neurriak

Honako jarduketak izango dira 08:30etik 14:30era:

  • Euskal Herria kaleko trafikoa moztuta egongo da autobiaranzko noranzkoan.
  • Makaleta etorbidea norabide bakarrekoa izango da, Plentzia-Bilbo noranzkoan, Berangoko Eroskitik Itzubaltzeta/Romoko biribilguneraino, eta debekatuta egongo da Bilbo-Plentzia noranzkoan.
  • Bilbotik Getxorantz Avanzadatik datorren trafikoa, Fadura-Iturgitxi atzetik desbideratuko da, eta Berangora irten.
  • Algortatik Berangora joateko, Simon Otxandategi Etorbidetik egin beharko da, eta Kurtxe auzora, Azkorritik.
  • Zugatzarteko Etorbidean, trafikoa moztuta egongo da, bi noranzkoetan, lasterketa osoan zehar.
  • Ereagako hondartza eta Kirol Portua trafikorako moztuta egongo dira goiz osoan, barku handietako bidaiarientzat izan ezik.
  • EuskoTreneko autobusen ibilbidea goizean aldatu egingo dute.

Antolatzaileek metroz hurbiltzeko eskatu dute eta uztailaren 30eko 24:00etatik aurrera ez aparkatzeko aipatutako kaleetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun