Dogan Güzel marrazkigile kurduaren askatasuna aldarrikatu dute UK aldizkariko kideek

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 18a, 17:48
"Özgür Gündem" egunkari kurduaren itxieraren aurkako protesta bat. © ÖZGÜR GÜNDEM

Pasa den martitzenean, "Özgür Gündem" egunkari kurdua itxi zuen Turkiako Poliziak, "PKKren propaganda zabaltzea" egotzita. Poliziak egunkariaren bulegoa zigilatu zuen, bertan zeuden kazetariak atxilotu ondoren. Era berean, beste erredaktore batzuk atxilo hartu zituzten euren etxeetan. Denera, 25 kazetari dira Poliziak eroandakoak. Haien artean, Dogan Güzel dago, UK Uribe Kostako aldizkaria zenaren marrazkigilea. Bertako langile ohien izenean, UK-k izan zituen hiru zuzendariek (Jokin Aspuru, Maitane Nerekan eta Irantzu Sagarminaga) Güzel-en eta beste atxilotuen askatasuna aldarrikatu eta elkartasuna adierazi diete, Turkiako Estatuari Adierazpen Askatasuna eta Prentsa Askatasuna errespeta ditzan eskatzeaz batera.

UK aldizkariko langile ohien oharra

UK Uribe Kostako aldizkariko langile ohiek elkartasun osoa adierazten diogu Dogan Güzel marrazkigile kurduari

Martitzenean Turkiak itxitako "Özgür Gündem" egunkariko lanbide kideei eta atxilotutako bertako kazetariei zein Dogan Güzel marrazkigileari elkartasun osoa adierazi gura diogu UK aldizkariko lankide izandakook. Modu berean, Adierazpen Askatasunaren eta Prentsa Askatasunaren kontrako Turkiako Estatuaren erasook salatu gura ditugu Euskal Herritik.

Dogan Güzelek urte askotan jardun zuen UK aldizkarian komikigile eta karikaturagile; aldizkariaren azken orrialdea irudikatu zuten hamabostero umore, aldarrikapen, salaketa zein hausnarketa eragiten zuten bere marrazkiek, Sevillatik edo Istanbuletik Uribe Kostara heltzen zitzaizkigun arima kurdudun tinta-irudiek.

Herri kurduaren eskubideak defendatzen dituen egunkarian ziharduen azken boladan Doganek, kurduen gatazkari oihartzuna eta arreta eskaintzen dion plaza bakarrenetakoan. Ez da lehenengo aldia "Özgür Gündem"-ek Turkiaren halako jazarpena jasaten duena, ezta Dogan Güzelek ere ez; beste behin ere, halakoen aurka agertzen gara, Adierazpen Askatasunaren eta Prentsa Askatasunaren izenean, eta lanbideko zein lankideekiko elkartasuna adierazten dugu.

Doganen zein gainontzekoen egoeraren aurrean senide eta lagunen ezinegona gure egiten dugu; gertatutakoa salatzeaz gainera, Turkiari egunkariaren jarduna berriro abiatzea eta atxilotuak askatzea aldarrikatuz, Euskal Herritik bihotzezko besarkada helarazten diogu Dogani.

UK Uribe Kostako aldizkaria zenaren langileen izenean,

Jokin Aspuru

Maitane Nerekan

Irantzu Sagarminaga

Dogan Guzelen atxiloketa, Istanbulen. CC-BY-NC-ND BERRIA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun