Barrikako Muriola hondartza, "Game of Thrones" telesaileko agerleku berria

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 2a, 13:34
CC-BY GLOBAL PANORAMA

"Game of Thrones" telesail famatuko eskualdeko zaleak zorioneko egongo dira; izan ere, Zumaia eta Bermeoz gainera, Mendebaldeko Zazpi Erresumetako protagonistak Barrikako Muriola hondartzan izango baitira. Barrikako Udalak jakinarazi duenez, grabaketa-lanak urrian zehar izango dira; halere, ezin izan dute data zehatzik ziurtatu, ezta zeintzuk protagonistek parte hartuko duten grabaketa horietan ere, den-dena nahiko sekretua delakoan.

Roberto Muñoz alkateak zehaztu duenez, ez dituzte estra zehatzik kontratatuko Barrikako grabaketarako. Izan ere, Zumaia eta Bermeorako castingean aukeratutako berberek parte hartuko dute eskualdean. Hala ere, Udalak iragarri du grabaketa-lanetan parte hartzeko aukera egongo dela: 20 lagun behar izango baitituzte, mugatutako eremuak zaintzeko eta hainbat zerbitzutako laguntzaile izateko.

Grabaketa dela-eta, telesaileko taldea hiru hilabetetan zehar Bizkaian izango da.

Bermea Bilbao Bizkaia Film Commission taldearentzat

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Bizkaia Film Commission-aren sustatzaileak, "Game of Thrones"ek Bizkaia agertoki gisa aukeratzeagatik poztasuna adierazi dute. Jarduera horrek hazteko gaitasuna du eta jarduera ekonomikoan, enpleguan, turismoan eta Bilbao-Bizkaia markaren proiekzioan eragin positiboak izango dituela uste dute bi erakundeek.

HBO kateak Bizkaiaren alde egindako apustua bermea izan da Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak egiten duen lanari begira, ikus-entzunezko produkzioak erakarri eta kudeatzeri begira, alegia. Zerbitzu hori hiriko Udalak eta Foru Aldundiak bultzatzen dute, eta 2015eko otsailean sortu zen Bilboko eta Bizkaiko apustu estrategiko bezala, ikus-entzunezko industrian sendotzeko. Helburu horregaz, zerbitzu horrek erakundeen konpromisoa, segurtasun juridikoa, kudeaketan konfiantza eta arreta pertsonalizatua ziurtatzen ditu. Bilbon eta Bizkaian filmatzeko interesa duten nazioarteko, Estatuko eta tokiko proiektuetarako "leihatila bakar" gisa dihardu Bilbao Bizkaia Film Commission taldeak.

Estrak aukeratzeko castinga

"Game of Thrones" telesailari lotutako enpresek jakinarazi dituzten datuen arabera, urriaren 26an hainbat eszena grabatuko dituzte Zumaiako Itzurun hondartzan. Horretarako, Gipuzkoako herri horretan zabalduko dute astelehenean, hilaren 5ean, grabaketa-lanetan parte hartzeko lan-poltsa. Estra jarduteko, berriz, castinga egiteko ardura hartu duen enpresak jakinarazi du urriaren 5ean zehaztuko duela zelan kontratatuko dituzten euskal kostaldean zehar grabatuko diren eszenetarako figurante guztiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun