Beldur barik bizitzeko, skatean ibiliko dira bihar

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 8a, 16:58
Erandio Beldur Barik bideo-lehiaketaren sari-emanaldia. © ERANDIOKO UDALA

Dena prest dago Beldur Barik 2016 lehiaketarako. Egitasmo horren hasierako ekitaldia hilaren 9an, barikuan, izango da, Berangoko skate-pistan, 17:00etatik aurrera. Ikus-entzunezko lehiaketa horri hasiera emateko ekintza berezia antolatu dute egun horretarako.

Hala, 17:00etatik 18:30era Ianire Elorriagak neskentzako skate ikastaro bat eskainiko du bertan. Denbora tarte horretan, taula gainean ibiltzen ikasteaz gainera, bertaratutako lagunek gogoeta egiteko aukera izango dute: zein indarkeria-mota ikusten dituzten skate-munduan, zelan aurre egin horri eta zein "Beldur Barik jarrera" dituzten, besteak beste. Ondoren, 18:30ean, erakustaldi bat egingo dute, skatean dabiltzan neskak protagonistak izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "elkarregaz apurtu gura ditugu skate-munduaren moldeak eta estereotipoak, eta gura dugu, halaber, zuek izatea lehiaketari hasiera emateko ekitaldiko protagonistak, eta denon artean Beldur Barik jarrera erakustea". Hala, horretarako interesa dutenek skate-ohola hartu eta Berangoko pistara hurbiltzea besterik ez dute egin behar izango: "hartu zure taula eta etorri irailaren 9an Berangora, pistetan irristatzera, eta zugaz batera beste hainbat neska egongo dira, skatea praktikatu eta parkean protagonistak izan gura dutenak", azaldu dute.

Beldur Barik programa indarkeria sexista errotik kanporatzeko programa da, gazteakaz lan egiten duena. Horretarako, ikus-entzunezko lehiaketa antolatu ohi dute; aurten, irailaren 9an hasi eta azaroaren 9an amaituko da. Saridunak azaroaren 26an jakinaraziko dituzte, Urdulizen antolatuko duten ekitaldi batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun