Jon Elortegik Deustu arraun-taldea entrenatuko du

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 26a, 11:13
Jon Elortegi (bigarrena ezkerretik) Deustun, bere aurkezpenean. © DEUSTU ARRAUN TALDEA

Jon Elortegi Lekanda "Txapas" 38 urteko arraunlari barrikoztarrak Deustura jauzia eman du, Bermeo-Urdaibaigaz San Miguel Liga irabazi ostean. Arkoteko arraunlari ohiak Deustuko gizonezkoen lehen taldeaz arduratuko da, "Tomatera" traineruaren eskifaia entrenatzeko; KAE-1 ligan daude deustuarrak.

Deustu Arraun Taldeak zabaldu duenez, fitxaketa horregaz "Deustuk bere jarduerari beste bultzada bat ematen ahalegintzen dabil, KAE-1 Ligan finkatu eta aurrera egiteko". Helburu hori "emakumezkoen traineruaren garapenagaz eta beheko mailetako ordezkaritza zabalagaz uztartu" gura du klubak.

Deustuko zuzendaritzak nabarmendu du Elortegi "ilusioa ematen duen errefortzua" dela. Era berean, akordura ekarri dute Deustu Arraun Taldea "proiektu egonkorra eta finkatua" dela, "harrobiagaz eta beheko kategoriakaz lan egiteko duen filosofiagatik". Euren iritziz, hori da gaur egun taldearen "zutoina".

Deustuk Gerardo Ranero esker berbakaz agurtu du entrenatzaile postutik, azken urteotan "Tomatera"-ren gidaritzan egin duen "lan handiagatik" eta erakutsi duen "dedikazioagatik". Ranerori klubaren proiektuagaz lotuta jarraitzeko eskaintza egin diote, "azken urteotan klubak eman duen aurrerapenean" egin duen ekarpena kontuan hartuta.

Elortegi

Barrikoztarra Plentziako Arkote arraun-taldeagaz hasi zen harrobiko kide gisa. Bertan zian zen 1995etik 2003ra. Ondoren, urte bakarra egin zuen Urdaibain. 2005etik 2010era, Kantrabrian egin zuen arraun, Castreñako eskifaian eta azken sei urteotan Bermeo-Urdaibairen "Bou Bizkaia" traineruaren tostatik lehiatu da. Hainbat bandera eta txapelketa irabazi ditu, azkena San Miguel Liga, tartean Kontxako sei bandera (4 Urdaibaigaz eta beste bi Kastrogaz).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun