ALBEko bost kidek abestuko dute Bizkaiko Txapelketan, aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 20a, 13:00
Miren Amuriza Mungiako saioan. © BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udagoieneko Fasea abiatu zuten, pasa den zapatuan, Mungian. Miren Amuriza Plaza berriztarra nagusitu zen eta, horri esker, finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu zuen. Imanol Uria Albizuri algortarra hirugarren sailkatu zen, 446 puntu metatuta. Hurrengo fasera pasatuko den jakiteko, itxaron egin behar izango du. Bitartean, datorren aste-akabuan saio bitan parte hartuko dute eskualdeko bertsolariek, Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) kideek.

Saio biak izango dira 17:30ean. Zapatuan, hilak 22, Sestaoko musika-eskolako aretoaren oholtzaren gainean, lau uribekostar izango dira: Arrate Illaro Etxebarria, Josu Gotzon Landeta Egurrola zein Peru eta Inazio Vidal Gurrutxaga. Domekan, ostera, Paule Ixiar Loizaga Legarra izango da eskualdeko ordezkaria Igorreko Lasarte aretoan. Sarrerak aurretik eskuratu daitezke Bertsosarrerak.eus webgunean.

Sailkapena

  • Miren Amuriza Plaza, 531 puntu
  • Aitor Bizkarra Ruiz, 474,5
  • Imanol Uria Albizuri, 446
  • Garikoitz Sarriugarte Onaindia, 440
  • Aissa Intxausti Aburruza, 422,5
  • Mikel Retolaza Etxebarria, 414,5
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun