Jon Abasolo Salvador: "'Gailurra'-n nork bere burua gainditzeko istorioak badira"

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 22a, 10:00
Jon Abasolo Salvador zuzendaria. © J. A. S.

Jon Abasolo Salvador zuzendari algortarrak Gailurra telebista-saioa filmatu du. Eguenero ikus daiteke ETB1-en, 22:15ean.

Zer da Gailurra saioa?

Mendiak ezagutarazteko saioa da. Bada jendea mendizalea ez dena eta programa honen bidez gure mendiak ezagutu ditzake, hainbat pertsonen historien bitartez. Gugaz hainbat herritar berezi igo dira mendira. Batzuek mendia ondo ezagutzen dute; beste batzuek, ez. Hala, ikusleak pertsonak ezagutuko ditu mendien bitartez eta mendiak ezagunagoak egingo zaizkio, pertsona horiei esker.

Gailurra mendi- edo kirol-programa ez dela azaldu duzue.

Gailurrera igotzen denak kirola edo bizitza osasuntsua gogoko ohi ditu; mendiko bizitza horri ematen diogu garrantzia guk. Baina era berean historia pertsonalak kontatzen ditugu, batzuk mendiari lotutakoak. Nork bere burua eta bizitzako esperientziak gainditzeko istorioak ere badira.

Denboraldiko kapitulu denak grabatuak dituzue. Zer ikusiko dugu?

Gorbeian bide ezberdin bi ikusi genituen: arruntena, Pagomakurretik; eta, ez-ohikoena, Itxinatik, jende asko galtzen den lekutik. Bertan mutil batek neskalagunari ezkontzeko eskatu zion eta 93 urteko gizon bat mendira igo zen bere alabagaz, azkenengoz. Bigarren saioa Txindokin izan zen, niretzat politena. Han leku beretik igo ginen guztiok, nahiz eta batzuk Tximista bide zailetik ere pasatu. Hirugarrenean, Cruz del Castillora joan ginen; batzuk Lagrandik eta beste batzuk Guardiatik; gugaz umedun zegoen emakume bat igo zen eta beste bat itsua dena. Laugarrena Orhi mendia izan zen, Zuberoan, bi egunean. Bertan, Oltzarteko zubia ezagutu eta afaria prestatu genuen Sohütako ikastolan; oso polita da. Niko Etxartegaz eta hango irakasleakaz eta gurasoakaz egon ginen. Bosgarrena Hernio mendia izan zen, programaren mendi baxuena, baina gipuzkoarrentzat oso garrantzitsua. Seigarrena eguen honetan ikusiko dugu: Beriain. Unanutik hasi genuen ibilbidea; batzuk, oinez eta beste batzuk, bizikletaz. Zazpigarren eta azkenengo mendia Anboto izango da; Mariren kobazulotik pasatu ginen.

Saioak EITB Nahieran ikus daitezke?

Bai, lehenengo bostak, bai.

Nondik irten zen saioa egiteko ideia?

Ez dakit. Ni heldu nintzenerako proposamena aurkeztuta zegoen. Zuzentzeko kontratatu ninduten.

Zelangoa izan da Irati Anda eta Andoni Aizpuru aurkezleekiko harremana?

Oso ona eta oso garrantzitsua izan da. Grabazioak ordu askokoak dira, nekagarriak askotan; erritmoa oso motela da, apurka-apurka doa eta haiek lortu dute jendea gustura egotea. Iratiren lehen aldia zen aurkezle moduan eta oso ondo egin du; etorkizun oparoa izan dezake. Andoni ezagunagoa da; plazera izan da beragaz lan egitea.

Zer iruditu zaizu droneak erabiltzea?

Oso ondo. Aurretik Ibai Egurrola [drone-operadorea] ezagutzen nuen eta beragaz oso erraza da lan egitea. Droneagaz, ostera, zaila da, denok aldendu behar dugu grabatu ahal izateko; zazpi edo zortzi aldiz errepikatu... Baina gero dena oso polita irteten da telebistan. Orhi mendian drone bat galdu genuen, lainoa zela-eta, agian kondentsazioagatik. Artzainak topatzen ahalegindu dira, baina ez da agertu.

Egingo da bigarren denboraldia?

Baietz uste dut, "share"-ko zenbakiak onak direlako eta jendea pozik geratu delako saioagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun