Berangoko merkatalgune berriaren kontra jotzeko eskatu die EH Bilduk eskualdeko udal guztiei

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 9a, 16:20
Obrak aurrea doaz Landaida inguruan.

Berangoko Landaida gunean eraikitzen dabiltzan merkatalgunearekiko "erabateko desadostasuna" agertu du Uribe Kostako EH Bilduk. Gaur goizean Berangoeta kultur etxean egindako prentsaurrekoan, "makroproiektu" horren atzean daudenek eskualdeko herrien bizitza "hipotekatuko" dutela ohartarazi dute, "bertoko bizitza sozial eta kulturala desagerraraziz". Horrez gainera, agintariek ezarri gura duten herri-eredua salatu dute: "bizitzarik gabekoa, giro sozial eta kulturalik gabekoa".

Uribe Kostako udalerriak lo egiteko herri soil bilakatu gura dutela deitoratu du koalizio abertzaleak: "Berangoko Gobernu-taldea da, EAJ, alderdi popularraren laguntzarekin, eredu hori bultzatu eta ahalbidetu duena. Ez daukagu inolako zalantzarik; Berangoko Gobernu-taldea da Berango zein beste eskualdeko herriak hiltzera kondenatu dituena".

Horren aurrean, eskualdeko EH Bilduko zinegotziek azaldu dute koalizio abertzaleak merkataritza txiki zein ertainaren aldeko apustu "argia" egin izan duela urteotan, eta egiten jarraituko duela. "Argi daukagu defendatzen dugun herri-eredua zein den;  herri atsegina, bizia, osasuntsua eta tokian tokiko merkataritzarekin", adierazi dute.

Izan ere, esan dutenez, herri-merkataritzak tratu hurbila eskaintzeaz gainera, herriak jasangarriagoak egiten ditu; halaber, tokian tokiko produktuen salerosketa zuzena posible egiten du, elikadura burujabearen aldeko urratsak emanez. "Ondorioz, gure herri-ereduak lana sortzen du; berton bizi eta lan egin gura dugulako", gaineratu dute.

Lan prekarioa ekarriko duela salatu dute

EH Bilduren ustez, merkatalgune horrek sortuko duen lana ez da duina izango. "Jakin badakigu langileek pairatuko dituzten lan-baldintzak eskasak izango direla; baldintza desegonkorrak, soldata txikiak, ordutegi luzeak… horiek dira, besteak beste, sortuko diren lanaren ezaugarri nagusiak", deitoratu dute.

Proiektuaren sustatzaileek lana eta aberastasuna sortuko dutela diotenean, horiek denak "argudio faltsuak" direla salatu dute zinegotzi abertzaleek, ez dutelako esaten lan "prekario" horrek zenbat lan "duin" suntsituko duen eskualdean.

Aztarna arkeologikoen aurkikuntza

Ezarriko duten eredua salatzeaz gainera, duela aste batzuk obretan aztarna arkeologikoak aurkitu zituztela ohartarazi du EH Bilduk. "Jakin izan dugun bezala, bertan zenbait hondar topatu eta ez omen dira aintzat hartu, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, zantzu arkeologikoak topatzen direnean berehala Foru Aldundiko Kultura saila abisatu behar den", azaldu dute. Horren harira, halako prozedurarik martxan jarri ez dutela deitoratu dute, "ondare kulturala arriskuan jarriz".

Hori guztiagatik, EH Bilduko eskualdeko zinegotziek dei egin dute Uribe Kostako udalek "jarrera aktiboa" izan dezaten merkatalgune horren aurka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun