Beldur Barik 2016 kanpaina aurkeztu dute gaur Berangon

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 23a, 17:44
Emakundek, Eudelek eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Beldur Barik 2016 kanpaina aurkeztuko dute gaur Berangon. © EMAKUNDE

Aurtengo Beldur Barik Topaketa Urduliz egingo dute zapatuan, hilaren 26an. Horretan, ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatuko dituzte. Edizio honetan 341 lan aurkeztu dituzte.

Ezberdintasun-egoerei aurre egiteko, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak sarituko dituzte zapatuan. Aurten, 69 udalerritik heldutako 341 lan aurkeztu dituzte; horietatik, 246 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 95 lan aurkeztu dira.

Kategoria bakoitzeko sari bi banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste sari bi ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozketagaz herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Gainera, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da, 300 euroko sariagaz. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla.

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun-faktoreen identifikazioa

Gaur goizean Berangon egindako aurkezpenean azaldu dutenez, aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek "geroz eta hobeto" identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun-faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gai bat izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa eta ahalduntze kolektiboa. "Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari nola egiten dioten aurre azaltzerakoan aurrekoetan baino sakonagoak izan dira", gaineratu dute.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteakaz indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitzen duen, "geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko".

Beldur Barik Uribe Kostan

Azaroaren 26an Urdulizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari egongo dira. Tailerrak eta sari-banaketa Urdulizko kultur etxean izango dira. Doako autobusak egongo dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Egitaraua:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera Kultur Etxera.
  • 17:00-19:00 Tailerrak (Autodefentsa feminista, Perkusioaren boterea, Gorputzak Orekan, Genitarte, Deshalduntzerako Clown tailerra mutilentzat: Galtzen ikasi, Zer dakizu sexuari buruz? 1, 2, 3... 3 ligatzeko 3 pausu eta Mezua eraldatu eta Beldur Barik abestu!)
  • 19:15-19:30 Performance
  • 19:30-20:00 Lunch
  • 20:00-21:45 Sari banaketa.
  • 21:45 Autobusen irteera Urduliztik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun