Kirolak  Leioa  Urduliz 2016-12-01 12:00

Gabonetako futbol-campusak izango dira Leioan eta Urdulizen

Gabonetan, Uribe Kostako neska-mutilek hainbat aukera izango dituzte futbolaz gozatzeko. Besteak beste, Urdulizko Sabin Merino eta Leioako Iñaki Saez campusetarako izen-ematea zabalik dago daborduko, 2003. eta 2011. urteen bitartean jaiotako neska-mutilentzat.

Gabonetako futbol-campusak izango dira Leioan eta Urdulizen
Sabin Merino futbol-campusaren artxiboko irudia. © URDULIZKO FUTBOL TALDEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Sabin Merinoren izena daroan Urdulizko campusa laugarrenez egingo dute aurton, Urduliz Futbol Taldeak antolatuta. Pasa den urteko Gabonetan abiatu zuten egitasmoa, eta Aste Santuan eta udan ere egin zuten. Orain, txanda bi eskainiko ditu campusak: lehenengoa, abenduaren 26tik 30era artekoa; eta, bigarrena, urtarrilaren 2tik 5era bitartekoa. Ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da, eta aurreko edizioetan legez, Iparralde futbol-zelaian batuko dira. Aurrekoetan legez, jagoleek dagokien titulazioa izango dute eta atezainentzako entrenamendu bereziak egongo dira. Gainera, umeek txango bat egingo dute beste campus bateko kideen aurka jokatzeko. Sabin Merino jokalariak sinatutako bere kamiseta bat zozkatuko dute umeen artean, eta litekeena da jokalari urduliztarrak bisitaren bat egitea. Urdulizko lehenengo taldearen entrenatzaile Iker Casadok koordinatuko du campusa. Beragaz harremanetan ipintzeko honako bideak erabil daitezke: coordinador@urdulizft.com posta elektronikoa eta 647 108 484 telefonoa.

Iñaki Saez campusa

Iñaki Saez futbol-campusa, ostera, Leioako Sarriena futbol-instalazioetan egingo da. Leioako kirol-elkarteak azaldu duenez, izena emateko epea abenduaren 23ra arte egongo da zabalik. Halere, txanda bakoitzean 120 jokalari onartuko dituzte, gehienez; horrenbestez, komeni da ahalik eta arinen izena ematea. Lagun Artea futbol-eskolako jokalariek prezio bereziak izango dituzte (110 euro, lehenengo txanda; 90 euro, bigarrena; eta 180, biak), Leioan erroldatutako gaztetxoek edo aurretik campusean ibilitakoek eta, batez ere, Leioatik kanpo erroldatutakoek gehiago ordaindu beharko dute; 250 euro, gehienez. Eskaeren arabera, campusak autobus-zerbitzua ipin dezake. Eurekaz harremanetan ipintzeko honako bideak erabil daitezke: campusleioa@yahoo.es posta elektronikoa eta 675 533 528 telefonoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa