Irakurzaleen kluben hainbat hitzordu, abendurako

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 10a, 12:28

Abendu honetan ere zorioneko daude Uribe Kostako irakurzaleak; izan ere, hango eta hemengo hainbat hitzorduren artean badaukate zer aukeratu. Beren-beregi, lau proposamen dauzkagu gurean.

Abenduaren 15ean izango dira lehenengo biak: bata Sopelan; bestea, Getxon. Sopelan, Lutxo Egiak gidatuko du berbaldia, "Mr. Señora" antzezlan-bildumaren inguruan; Kurtzio kultur etxean batuko dira irakurzaleak, 19:00etan. Oier Guillanen liburua duzue aipatutakoa: zazpi antzezlanek osatzen dute, haien artean, liburuari titulua ematen diona. Getxon, ostera, Katixa Agirre jardungo da "Atertu arte itxaron" bere eleberriaren gainean. Algortako Villamonte kultur etxean ipini dute hitzordua, 19:30ean. Besteak beste, Augustin Zubikarai saria irabazi du Agirrek, "Amek ez dute idazten" nobelaren proiektuari esker.

Abenduaren 20an, Erandion izango da zita, Astrabuduko kultur etxean, 19:30ean. Charles Dickens-en Cuento de Navidad aukeratu dute eta berbaldia gaztelaniaz egingo da. Azkenik, Leioak itxiko du 2016ko irakurleen klubetako egitaraua, abenduaren 21ean. Mircea Cartarescuren "Erruletazalea" liburuaren inguruan berba egingo dute, 19:30etik aurrera, Kultur Leioako liburutegian.

Hitzorduak:

  • Abenduak 15, eguena, Sopela
    19:00 "Mr. Señora" antzezlan-bildumaren inguruan jardungo dira Lutxo Egiaren gidaritzapean, Kurtzio kultur etxean.
  • Abenduak 15, eguena, Getxo
    19:30 Katixa Agirre egongo da UKITX Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan, Algortako Villamonte kultur etxean, "Atertu arte itxaron" eleberriaz berba egiteko.
  • Abenduak 20, martitzena, Erandio
    19:30 Charles Dickens-en "Cuento de Navidad" eleberri laburra aukeratu dute Astrabuduko irakurzale klubean hilabete honetan, horren inguruan berba egingo dute. Bertako kultur etxean ipini dute hitzordua; berbaldia gaztelaniaz izango da.
  • Abenduak 21, eguaztena, Leioa
    19:30 Mircea Cartarescuren "Erruletazalea" liburuaren gainean jardungo dira Leioako Euskara Irakurle Klubean. Josemari Sestorainek itzuli du liburua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun