Gazteok  Uribe Kosta 2016-12-16 13:53

"Desobedientzia larria" egotziz zigor ekonomikoa Gasteizko herri harresian atxilotutako gazteentzat

ARGIA.EUS / Lander Arbelaitz

1.080 euroko zigorra ordaindu beharko du Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik atxilotutako zortzi gazteetako bakoitzak. "Desobedientzia larria" delitua egotzi die epaileak, auzipetuen presentziarik gabe asteartean Gasteizen egin zuten epaiketaren ostean. "Berriz ere egingo genuke" adierazi dute. Zigorrak eta epaiketaren gastuekin 16.000 euro ordaindu behar dituztela kalkulatu dute eta hauek lortzeko kanpaina abiatu dute.

"Desobedientzia larria" egotziz zigor ekonomikoa Gasteizko herri harresian atxilotutako gazteentzat
Ez ziren epaiketara azaldu zortzi auziperatuak. HALA BEDI | Ikusi handiago | Argazki originala

"Lege injustuen aurka borrokatu beharra dugu. Izan legedi antiterroristak, izan Mozal legea, izan udal-araudi zentsuratzaileak. Borroka horretan, desobedientzia ezinbesteko osagaietako bat da. Eta, ondorioz, bidean itoko ez bagara, ezinbestekoa ere desobeditzeak dakarren errepresioari erantzutea eta zigorra zuzenean pairatzen duten bidelagunak babestea", aldarrikatu du Gasteizko Harresiak ARGIAk eskuratu duen irakurketan.

Elkartasun eta konpromiso ekonomikoa balioan jarri dute. "Bereziki garrantzitsua da, errepresio ekonomikoari kolektiboki heltzea. Espetxealdi batekin alderatuta errepresio ikusgaitzagoa delako, elkartasuna pizten zailagoa, baina ez halabeharrez leunagoa. Bai ordea desmobilizatzaileagoa askotan, are gehiago poltsikoak hutsago ditugun testuinguru ekonomiko honetan. Zerbaitengatik lehenetsi du Espainiako gobernuak Mozal legearen bidez errepresiorako bide ekonomikoa azken lege-erreformetan".

Uste baino zigor handiagoa

Desobeditu izana onartzeaz gain, aldarrikatu ere egin dutelako zigorra espero zutela diote. Hala ere, kasu bat kenduta, beste guztietan espetxe zigorrak espero zituztela aitortu dute, eta aurrekari penalik ez zutenez auzipetuek, prozedura horiek espetxealdirik eta isunik gabe amaituko zirela aurrikusten zutela. "Usteak erdi ustel", aitortu dute. Horregatik, asteartean abian jarritako kanpaina ekonomikoan finkatutako diru-kopuruaren helburua berregokitu dute.

"Asteartean 10.000 euro behar genituela bota bagenuen, 16.660 behar ditugula esan beharrean gaude gaurkoan. Astearte honetako eta iragan urriaren 10eko epaiketen ondorioei aurre egiteko. 11.880 euro isunetan, 4.780 prozedura judizialaren eta defentsa juridikoaren gastuei aurre egiteko".

Beharrezkoa iritziz gero etorkizunean ere ekimen desobediente masiboak antolatzeko baldintzak elikatu nahi dituztela diote, eta orain konpromiso ekonomikoaren ordua dela.

Diru ekarpenak egiteko kontu korronte zenbakia publiko egin dute: ES 34-3035-02289422-8002-3218

[Artikulu hau Lander Arbelaitzek idatzia da, 2016ko abenduaren 15ean, ARGIA.EUS-en eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa