Kultura  Barrika  Uribe Kosta 2016-12-21 10:45

Mari Domingi: "Olentzero eta biok oso ondo moldatzen gara"

Iker Rincon Moreno

Eguberriaren bezperan Mari Domingi eta Olentzero ikusteko aukera egongo da herri denetan, etxez etxe opariak banatzen hasi baino lehenago. Hala, abenduaren 24an kalejiran ibiliko dira kalez kale. Barrikan, ostera, egun bat lehenago ibiliko dira ume denen gozamenerako. Iaz, Barrika aldean topatu genuen Olentzero, itsumustuan; eta, aurton, Mari Domingi aurkitu dugu inguruotan ere, gura ez dela. Lanez gainezka, arrapaladan eta galapaka zebilen, baina geldialditxoa egin, eta hona HIRUKAgaz izandako elkarrizketa:

Mari Domingi: "Olentzero eta biok oso ondo moldatzen gara"
Gabon-gauean herriz herri ikusi ahal izango dugu Mari Domingi, Olentzerogaz batera. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gabonak ate joka ditugu. Eskutitz asko jaso dituzue aurton?
Oraindino ez; berandu dabiltza umeak. Hala ere, gaur egun teknologia berriakaz, e-mail eta whatsapp bidez ere, baten batzuk jaso ditugu daborduko.

Zer da eskualdeko neska-mutilek eskatu ohi dutena?
Bertoko umeak nahiko kirolariak dira; hori dela-eta, gustukoa duten kirola egiteko materiala eskatu ohi dute. Horrez gainera, jostailu elektronikoen eskaerak ere gora egin du azken urteotan.

Eta ondo portatu dira aurten?
Denetarik egon da. Badirudi umeak apur bat lasaitu direla; iaz askoz ere hobeto portatu ziren, baina aurten... badago baten bat oso-oso txarto portatu dena. Horrenbestez, ikatz asko egin behar izan dugu horientzat.

Zelan jakiten duzue nor portatu den ondo eta nor txarto?
Olentzero eta bion laguna dugu Pintxon txoria, eta berak esaten digu hori guztia. Batzuetan ez ikusiarena egiten dugu; baina, beste batzuetan, ikatza utzi behar izaten dugu.

Abenduaren 24ko gauean etortzen zarete gurera opariak banatzera. Gainontzeko egunak non ematen dituzue? Zertan diharduzue?
Guk ere deskantsatu behar dugu; ezin gara urteko 365 egunetan lanean jardun. Hortaz, Gabonen ostean, deskantsatzen ematen dugu denbora handia. Halere, ez pentsa umeak zelatatzen ez ditugunik, Pintxon baitago den-denei begira. Modu berean, Gabonetako kontu guztiak kudeatzen ibiltzen gara; izan ere, jostailuak gero eta garestiagoak dira eta umeek gero eta gauza gehiago eskatu ohi dituzte. Hori dela-eta, uste dugu neska-mutilek gauza bi baino ez dituztela eskatu behar: bata, eurentzat; bestea, solidarioa.

Zelan egiten duzue gau bakar batean Euskal Herriko etxe denak bisitatzeko? Zelan antolatzen duzue lan hori?
Laguntzaile piloa daukagu, eta eskertzekoa da; oso ondo antolatzen gara. Gainera, teknologiak ere asko laguntzen du. Orain, askoz arinago mugitzen gara leku batetik bestera, eta ia-ia ordu bitan den-dena banatuta izaten dugu. Hala ere, baten bat bisitatu gabe uzten dugu eta, horrenbestez, bertara bueltatu behar izaten dugu...

Zelan konpontzen zarete Olentzero eta zu? Eztabaidarik izaten duzue?
Ea ba... izaera gogorrekoa da bera, baina oso ondo moldatzen gara elkar; akordioetara heltzen gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa