Elkarrizketak

Juanma Rojas: "Kataluniako erreferenduma egin egingo da"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2017ko urt. 26a, 17:20
Juanma Rojas, Tosun.

Zapatu honetan erabakiko du CUP alderdi antikapitalistak ea Kataluniako Generalitateko aurrekontuak babestuko dituen. Horren arabera mikaztu liteke Junts Pel Sígaz harremana; prozesu subiranista ere azkartu ala moteldu liteke. Horretaz egin dugu berba Juanma Rojas Arcos-egaz, CUPeko Nazio Idazkaritzako kideagaz. Getxoko Tosu landan egon zen, erresistentzia-kanpaldiari atxikimendua emateko eta berba egiteko instituzioen eta herri-mugimenduen arteko harremanaz.

Erakundeak borrokaguneak dira CUPentzat?

CUPek dituen borroka-eremua horiek dira: erakundeak. Izatez, gu erakunde instituzionala gara. Halere, erakundeak berak ez du ezer irabazteko. Hori jendarteari helarazi behar diogu: lan-eskubideak ez ziren instituzio batean lortu, baizik eta langileen borrokari esker; borroka feministak lortu ditu gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunera hurreratzeko eskubideak; arrazakeriaren aurka irabazi den guztia, Rosa Parksen desobedientzia ekimenaren eztandatik eta atzetik zegoen borrokatik atera zen. Lege-aldaketa egiten duen azken geltokia da erakundea, baina alderik kontserbadoreena ere bada. Beraz, instituzioek beraiek ez dutela aurrera egingo ondo asumituta badugu, orduan ondo goazela uste dut.

Kataluniako Parlamentak iniziatiba bi onartu ditu, independentziaren gaineko erreferenduma egiteko aurten. Batean, Espainiako Estatuagaz hitzartutako erreferenduma proposatu da; bestean, alde bakarreko erreferenduma. Zein da zuen jarrera?

Berez askoz hobea eta erosoagoa da hitzartutakoa, beste aldearekin elkarlana egongo litzatekeelako. Gainera, eskubide demokratikoa da. Baina Estatu espainolak duen historia ikusita eta Euskal Herriko zein Kataluniako lurralde-gatazkei zelan erantzuten dien begiratuta, uste dugu ez dugula denbora alferrik galdu behar, erantzuna aurretik ezagutzen baitugu. Are gehiago, berbakideak jarrera hori behin eta berriro erakutsi digunean; ez da CUPen kasketa bat: "alde bakarrekoa izan behar da ala bestela ezer ez". Ez dugu baimenik eskatu behar; elkarlanean hasi gura badute, ederto; ez badute kolaboratu nahi, guk demokrazia berdin-berdin gauzatuko dugu.

Carles Puigdemont presidentak konfiantza-kate bat eskatu zizuen, gehienez jota irailean "erreferenduma ala erreferenduma" egingo zuela iragarri eta gero. Gaur egun badago konfiantza hori?

Konfiantza mantentzen jarraitzen dugu, horregatik goaz aurrera. Baina konfiantza ezin da itsuan eman, ekimenen eta elkarrekikotasunaren beharra dauka konfiantzak. Guk konfiantza-kate hori erreferendumarekin eta prozesu konstituziogilearekin lotzen dugu, horregatik erabaki dugulako gure arerio politikoekin batera ibiltzea. Helburu zehatza da estrategikoki Junts Pel Sí eta gu batzen gaituena. Ildo horretan aurrera baldin bagoaz, konfiantzak segituko du. Aurrera ez bagoaz, konfiantza zalantzan ipiniko dugu.

Azkenean erreferenduma egingo dela uste duzu?

Egin egingo da, ez delako alderdien kontu bat. Ez da CUPek, Junts Pel Sík, ERCk edo PDECk gura duten zerbait, jendarte katalanak gura duena baizik. Independentziaren alde ez dagoen jende multzo batek ere sinesten du bozkatzeko eta erabakitzeko bidezko eskubidean. Beraz, erreferenduma egin egingo da. Estatu espainolak gura ala ez, egingo da.

Berriro ere A-9koa moduko prozesu parte-hartzaile ez eraginkorra izateko arriskua dago?

Beste A-9 bat gertatzea ez dugu onartuko. A-9 egin genuen, horrek balorazio positiboa zein negatiboa ditu, eta jasotako kritiketatik ikasi behar dugu. Ez gabiltza prozesutik tiraka beste A-9 bat egiteko. Horrek gura ez ditugun zorigaiztoko ondorioak ekarriko lituzke. Guk ez genuke horretan lagunduko. Ostera, dagoeneko lanean dihardugu, egindakoa errepika ez dadin.

Junts Pel Sík ohartarazi du aurrekontu barik ez dela erreferendumik izango. Zer deritzozu horri?

Artur Mas gabe hauteskundeak egongo zirela ere esan zuten: "Mas o març". Bakoitzak negoziatzeko bere estrategiak erabiltzen ditu. Guk uste dugu neurriz kanpokoa dela lotzea jendartearen gehiengo zabal batek gura duen erreferenduma eta aurrekontu autonomiko batzuk. Izatez, erreferenduma ekintza demokratiko handi bat da, herriaren independentzia ere ekar dezakeena. Guk hala gura dugu. Bestalde, aurrekontuak daude; proiektu independentistan sinesten badugu, datorren urtera arte baino ez dute iraungo. Ez dugu ikusten bien arteko harremanik. Gainera, CUP ahalegin handiak egiten dabil aurrekontu horiekin. Inoiz ez dira antikapitalistak izango eta inoiz ez dira gureak izango, baina nazio-ikuspegia eman diegu, ez guri gustatuko litzaigukeen ikuspegi ideologikoa, edo alternatiba bat eraikitzeko haina. Guk esan genuen gutxieneko batzuk ezarri behar zirela, eroso onar ditzagun. Gutxieneko horiek oraindino ez daude. Beraz, militantziak baloratuko du Junts Pel Sík mahai-gainean ipinitakoa nahikoa den ala ez.

Zeintzuk dira gutxieneko puntu horiek?

Murrizketa batzuen lehengoratzea, erreferenduma eta aberatsenei zergaren bat ipintzea. Biztanleriaren %4ari eragingo lioke eta neurri positiboetan itzuliko litzaieke beste denei. Ez genuen marra gorririk ezarri formatu aldetik, baina aberastasuna birbanatzea lortu gura dugu. Governaren esku utzi dugu zelan egin.

Hezkuntza-mundua ere azpimarratu duzue.

Bai, gaur egun sektorerik mobilizatuenetako bat da. CUPek oin bi ditu: bata, instituzioetan dago; bestea, kalean. Garrantzia ematen diegu horrelako mobilizazioei, borrokan daudenei zor diegu. Horretaz kanpo ere, errepublika bat eraiki gura badugu, hezkuntza da edozein jendarteren oinarrizko zutoinetako bat. Defendatu beharra dago, gauza guztien gainetik. Gobernu eta proiektu politiko denentzat hezkuntza ezinbestekoa da, eta euren interesen arabera moldatzen dute. Guretzat ez luke negoziagarria izan beharko hezkuntza publikoari behar dituen baliabide denak ematea, irakasleek bere lana lasaitasunez eta murrizketarik eta doiketa-neurririk gabe egin dezaten.

Puigdemont negoziazioetan egotea gura zenuten.

Garrantzi handia eman diogu mahai-gainean ipinitako presio-neurriari, hau da, erreferenduma aurrekontuen arabera baldintzatzeko kontuari. Horregatik diogu presidentearen mailako kontua dela, eta ez Ekonomiaren arduradunarena. Aurrekontuei herrialde-mailako zentzua eman gura diegu, ez aurrekontu-zentzu soila; bestela, ez genituzke inoiz onartuko. Herrialde-mailako kontua bada, Puigdemontek barruan egon eta keinuren bat egin beharko luke.

Noiz erabakiko dute CUPeko militanteek aurrekontuak pasatzen utzi ala atzera botako dituzten?

Aste honetan. Zapatuan hartuko da azken erabakia.

Puigdemonten arabera hau da "autonomiaren osteko eta independentziaren aurreko ezohiko legealdia". Bide-orri horretan, non zaudete gaur egun?

Atea irekitzear. Atea aurrean daukagu eta borondatea besterik ez dugu ipini behar zabaltzeko, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko, beti da zatirik garrantzitsuena. Gure ustez, erreferendumak egoera honekin amaituko du eta "independència, independència" aldarrikatzetik independentzia gauzatzera pasatuko gara. Guk Puigdemont bera, elkarteak eta jendarte osoa gonbidatzen ditugu ekintza horretan parte hartzera: erreferenduma antolatzen, su eta gar defendatzen eta botoa ematen. Ikus dezaten den moduan: 78ko erregimenekiko apurketa-ekintza iraultzailea. Erregimen horrek dituen gabezia demokratikoak erakusten ditu behin eta berriro, baina hautetsontziak kentzea izango litzateke demokrazia eza horren irudi bukolikoa.

Azkeneko iritzi-azterketen arabera, katalanen %63k botoa emango luke alde bakarreko erreferendum batean, eta haietatik %79k independentziaren alde egingo luke. Egoera hobea izan daiteke?

Hobea beti izan daiteke, kar, kar, kar. Argi duguna da ez dugula bakarrik lan egin behar erreferendumera deitzeko; irabazteko ere ahalegin handia egin behar dugu, independentistak gara. Zilegitasun bera du ezezkoa ateratzeko lan egin dezakeen jendeak; erreferenduma egin ondoren, onartu egin behar izango dugu denok aterako den emaitza. Zergatik gara independentistak? Uste dugulako politika zaharrarekin apurtzeko aukera onena independentzia dela. Orain arte erakundeek indartu egin dute norbaitek «lotua eta ondo lotua» utzi zuen eredua. Hori eraldatzeko tresnarik onena da independentzia; 78ko erregimenarekin eta bere zutoineko bat den Espainiako lurraldetasunarekin banatzea ekarriko du horrek. Hori nazio denek erabakitzeko eskubidea dutena ahaztu gabe: herritarrek erabakiko dute non bizi gura duten.

CUPeko hainbat militante eta hautetsi eroan dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera; Parlamenteko Mahaiaren eta A-9ko auziak ere hor daude; eta zenbait lege katalan baliogabetu dituzte. Zure ustez ze bilakaera izan dezake egoera horrek?

Logikoa denez, aurreikuspena da hori guztia handiagotzen joatea: akzio-erreakzio eskema da. Estatu espainolaren tresnak errepresioarenak dira eta horretaz zuek guk baino gehiago dakizue. Legalitatea legitimitatearen gainetik defendatzeko euren modua izango da eta, behar izanez gero, ez diote euren legalitateari jaramonik egingo edo, zuzenean, beste bat asmatuko dute. Azkenean, euren pribilegioen eta status quoaren alde egingo dute. Horrek gugan eragina izango du, baina ez gaitu geldituko. Errepresioa ez da izango hau geldiarazteko gai.

Herri katalanak zelan erantzun behar du?

Orain arteko erantzuna ona izan dela esango nuke. Errepresioa normalizatu dugu, gatazkaren biktima bihurtu gabe. Tresna demokratikoak erabiltzen ditugu guk; ostera, euren tresnak zalantzazko legalitatean oinarritzen dira. Izan ere, legalitate osoa erregimen faxista eta totalitario baten gainean eraikita dago. Besteak beste, horren isla da Auzitegi Nazionala; adibidez, epaitu gintuen azkeneko epailea Polizia frankistako kide ohia zen. Guk ez diogu horri agintaritzarik onartuko. Bestalde, joan ala ez, militanteen erabaki politikoa da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun