Makilak eskuetan eta...

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 2a, 11:35
Bariku goiz-eguerdian aterako dira eskoletako umeak haiek baino makila luzeagoak eskuan dituztela; zapatuan izango da herritarren txanda.

Usadio zaharrari eutsiz, Agate Deunaren bezperan, zapatu honetan, otsailak 4, lagun asko aterako dira kantuan kaleetara edo plazetara; makilaz lurra joz berori iratzarri guran, edo Agedari gorazarre egin asmoan, asko dagokionari olesean zein dagokiona eskean. Lehiaketari edo hitzartutako dietari jarraituz abestuko dute Uribe Kostako hainbat herritan, berbarako Sopelan, Getxon eta Leioan. Ostera, eskoletako umeek aurreko egunean abestuko dute, barikuan; adibidez, Berangon, ohiturari jarraituz, ikastetxeko neska-mutilak udaletxera joango dira, 11:00etan.

Aurton, 28 urte beteko ditu Leioako Agate Deuna Eguneko Kanta Lehiaketak. Ohi den legez, maila bi egongo dira: 16 urte artekoen maila, eta adin horretatik gorakoena. Besteak beste, bost jarduketa-eremu ipini dituzte: Lamiako, Pinueta-Ibaiondo, erdigunea, San Bartolome (Artatza eta Artatzagana barne) eta Kandelazubieta-Udondo. Talde bakoitzak ondoen datorkion gunea aukeratu ahal izango du. Bestalde, antolatzaileek leku eta ordu zehatz batzuk esleituko dizkiote 16 urte artekoen talde bakoitzari, aukeratutako gunearen barruan; zehaztutako horietan bertan abestu beharko dute. Ostera, Euskal Etxeen plazan abestu beharko dute 16 urtetik gorakoen taldeek.

Kanta-lehiaketako sariei dagokienez, 350, 250 eta 175 eurokoak izango dira; eta otsailaren 11n, hurrengo zapatuan, banatuko dituzte, 12:00etan, Kultur Leioako erakusketa aretoan egingo den ekitaldian.

Getxoko jaialdia, 31 urtean

Getxoko Agate Deuna Koru Jaialdiaren 31. ekitaldia izango da aurtengoa. Taldeek arrastian abestuko dute, 18:00etatik 21:00etara, aukeratu behako duten gune hauetako batean: Itzubaltzeta/Romon eta Areetan edo Algortan eta Andra Marin. Lehenengo guneko abesbatzak Areetako Xake plazan batuko dira, 20:00etan, denen artean emanaldia eskaintzeko; bigarren gunekoak, ostera, Algortako Telletxe plazan elkartuko dira, ordu berean. Getxoko jaialdian ez dute saririk banatzen; talde bakoitzak 100 euroko dieta jasotzen du parte hartzeagatik; gutxieneko abeslari kopurua izateaz gainera, hiru musikari badituzte, 50 euro gehiago emango dizkiote taldeari.

Sopela, ohitura lehiaketa bihurtuz

Sopelako Udalak ere kalez kale kantuan ibiltzera deitu ditu herritarrak, ohitura zahar hori galdu ez dadin. Laugarrenez egingo dute lehiaketa. Hala, gutxienez, 10 lagunez osatuta egon beharko dute taldeek; denak sopeloztarrak izango dira eta baserritarrez jantzita joango dira. Halabeharrez abestu beharko dute Larrabasterrako Urgitxieta plazan, 12:00etan, edo udaletxeko plazan, 18:00etan. Maila bi egongo dira: 18 urtera artekoena (helduakaz doazen umeak ere bai) eta 18 urtetik gorakoena. Lehenengo mailako irabazleek 150 euroko saria lortu dute; bigarrenekoek, 250 eurokoa. Izena emateko epea gaur, eguena, amaituko da, Kurtzio kultur etxean.

Herriz herri

Barrika

Aita Gotzon abesbatzak goizeko 09:00etan ipini du hitzordua, udaletxean.

Berango

Eskolako umeak udaletxera joango dira abestera, bariku honetan, 11:00etan.

Erandio

Trabudu Dantzari Taldea kantuan ibiliko da 18:30etik aurrera, Astrabuduko kaleetan. Mendibaiarte abesbatza 20:00etan aterako da, Altzagan.

Getxo

Taldeak Areetako Xake eta Algortako Telletxe plazetan batuko dira, 20:00etan.

Gorliz

Lirain abesbatzak 18:30etik aurrera abestuko du, herrko kaleetan.

Leioa

Goizean zein arrastian jardungo dira kantuan taldeak, hainbat auzotan.

Lemoiz

Andrakan (12:30), Urizarren (13:00) eta Armintzan (13:30) abestuko du udalerriko Gure Esku Dagoren taldeak.

Plentzia

Plentzia Kantagunek eta Gure Esku Dagok 19:00etan ipini dute hitzordua, metro-geltokian. Plentziako Txikiteroak 17:00etan hasiko dira, Gatzaminan.

Sopela

Urgitxieta plazan, 12:00etan, edo udaletxeko plazan, 18:00etan, abestu beharko dute taldeek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun