Neskato baten hilotza atera du Galeako harkaitzetatik Ertzaintzak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 5a, 14:44

Atzo Algortan desagertutako 14 urteko neskaren hilotza aurkitu dute gaur Galeako arroketan. Gauerdian eman zuten senideek desagerpenaren abisua, eta goizeko 9:00etan aurkitu dute gorpua.

Gauerdian neskato algortar baten senideek desagertu egin zela jakinarazi zioten Ertzaintzari, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez; berehala abiatu zuten bilaketa-operatiboaren protokoloa. Senideek eta familiaren lagunek ere gaztetxoa bilatzen laguntzeko eskaera zabaldu dute herritarren artean. Algortako San Nikolas ikastolako ikaslea, eta forro zuria jantzita zuela jakinarazi dute.

Lurreko eta aireko bilaketez gainera, itsasoz ere jardun dute bila; azken kasu horretan, Gurutze Gorriko ontziak. Goizeko 09:00-10:00ak aldera, Galeako arroketan, hilotz bat aurkitu dute; arropa zuria jantzita zeroala ezagutarazi dute. Ertzaintzaren helikopteroan gotorlekuaren aparkalekuraino igo dute, eta, iturriek baieztatu dutenez, atzo desagertu zen gaztearena dela berretsi dute. Segurtasun Sailaren arabera, ez du ageriko indarkeria zantzurik.

Algortako Jai Batzordeak bertan behera utzi ditu aratusteetako gaurko ekialdi denak, eta doluminak agertu ditu.

Getxoko Alkate Imanol Landak ere doluminak eta elkartasuna agertu dizkio familiari, "une zail hauetan sostengu osoa erakutsi", eta "udalerriko auzokideen elkartasuna" ere helarazi dio. Modu berean, "familiaren intimitatea eta samina errespetatzeko" eskatu du Landak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun