Etzi, zapatuan, elikagai-bilketa egingo dute Urdulizko Iparralde kiroldegian, 09:00etatik 15:00etara, "egoera txarrenean daudenei laguntzeko". Urteroko hitzordua da Urduliz Eskubaloi Taldea, Berango Eskubaloia eta Uribe Eskubaloi Eskola antolatzaileentzat; aurten helburu biribila ipini diote erronkari: tona bat elikagai lortzea. Iaz kopuru hori hori lortzetik oso gertu geratu ziren.
Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Endika Basaguren Ansoleaga artista berangoztarraren "Helmugak" margo-erakusketa joan den zapatuan, urtarrilak 7, zabaldu zuten, Algortako Torrene aretoan. Urtarrilaren 29ra arte, domeka, bisitatu ahal izango da; sarrera, doan. Ordutegia ondokoa izango da: eguaztenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.