Sopelako Itzartu emakumeen elkarteak berbaldi-zikloa abiatuko du eguen honetan, hilaren 19an. Nuria Sorli psikologoak "Desbloqueos emocionales para una sociedad nueva" izenburuko berbaldia eskainiko du. Otsailaren 2an, eguenean, Itziar Gloria Historian lizentziatuak entzuleak hurreratuko ditu Leonor Akitaniakoa Frantzia eta Ingalaterrako erreginaren pertsonalitatera eta utzitako ondarera.
Bihar, eguena, "Desentxufatuak" antzezlana taularatuko dute Erandion Tartean Teatroko Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek. Ikuskizuna Altzagako azoka zaharrean egingo dute, 20:00etan; sarrera irekia eta doakoa izango da. Hala, lan horregaz estreinatuko dute Antzerki EguEnak ekimena. Erandioko Udalak hilero euskarazko antzezlan bat programatuko du azoka zaharrean, hileko hirugarren eguenean, hain zuzen ere.
Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Endika Basaguren Ansoleaga artista berangoztarraren "Helmugak" margo-erakusketa joan den zapatuan, urtarrilak 7, zabaldu zuten, Algortako Torrene aretoan. Urtarrilaren 29ra arte, domeka, bisitatu ahal izango da; sarrera, doan. Ordutegia ondokoa izango da: eguaztenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.
Dragados S.A. eta Geotecnia y Cimientos S.A. (Geocisa) enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak eramango ditu aurrera Getxoko Ibarbengoako metro geltokiaren ondoan parkinga eraikitzeko obrak. Esleipenak joan den azaroaren 22an egin zituen Eusko Jaurlaritzak, 2.991.076,88 eurotan (BEZ barik). Hartara, enpresa biek 12 hilabete izango dituzte obrak egiteko, esleipena sinatu eta hurrengo egunetik aurrera.