Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Endika Basaguren Ansoleaga artista berangoztarraren "Helmugak" margo-erakusketa joan den zapatuan, urtarrilak 7, zabaldu zuten, Algortako Torrene aretoan. Urtarrilaren 29ra arte, domeka, bisitatu ahal izango da; sarrera, doan. Ordutegia ondokoa izango da: eguaztenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.
Urtarrilaren 21etik otsailaren 25era bitartean, Neguko Bidaia izeneko kontzertu-zikloaren bederatzigarren edizioa egingo dute, zapatuero, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Emanaldi bakoitzeko sarreraren prezioa 5 eurokoa (ikasleentzat 3 euro) izango da, eta 25 eurokoa saio denetarako bonua. Hala, lehenengo kontzertua Trio Argixe taldeak eskainiko du; klarinete, txelo eta piano hirukoteak Brahms eta Piazzollaren obrak interpretatuko ditu. Ziklo honetan ohikoa denez, kontzertu bakoitzaren ostean, entzuleen eta musikarien arteko solasaldia egongo da.
Mila lagunetik gora mobilizatu ziren joan den zapatuan, hilaren 21ean, Getxoko Ibarbengoako parkingaren kontra. Tosu Betirako taldeak deituta, manifestazioa egin zuten Algortako kaleetatik, "Andra Mari ez ikutu! Ibarbengoako parkingari ez!" lemapean.