Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Urtarrilaren 21etik otsailaren 25era bitartean, Neguko Bidaia izeneko kontzertu-zikloaren bederatzigarren edizioa egingo dute, zapatuero, 19:30ean, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Emanaldi bakoitzeko sarreraren prezioa 5 eurokoa (ikasleentzat 3 euro) izango da, eta 25 eurokoa saio denetarako bonua. Hala, lehenengo kontzertua Trio Argixe taldeak eskainiko du; klarinete, txelo eta piano hirukoteak Brahms eta Piazzollaren obrak interpretatuko ditu. Ziklo honetan ohikoa denez, kontzertu bakoitzaren ostean, entzuleen eta musikarien arteko solasaldia egongo da.