Udaberria loratzeko urtaroa da, berriro haztekoa. Hori dela eta, Berangoko Stay and Job egoitzak tailer berezi bat egingo du zapatuan, hilaren 25ean. Albert Cruells hurreratuko da bertara, El nuevo Re-nacer izeneko ekimena partekatzeko asmoz.
Hamabosgarrenez, Sopelako Herri Lasterketa antolatuko du Munarri atletismo-taldeak. Hitzordua domekan ipini dute, hilaren 26an; baina, izen-ematea gaur, eguena, itxiko dute, 20:00etan. Inskripzioa antolatzaileen webgunean bete daiteke.
Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Eskualdeko aurkezpena barikuan egingo dute, Itzubaltzeta/Romoko parrokia-etxeko ekitaldi-aretoan, 19:00etan. Euskararen aldeko lasterketak apirilaren 6an zeharkatuko du Uribe Kosta, Lemoiz izan ezik. Daborduko, herrietako Korrika-batzordeek egitarau zabala prest daukate.
Kalian Hiri Kultur Guneak bigarrenez antolatuko du antzerki-lan laburren jaialdia. Aurrekoan legez, Ondiz dorrean egingo dute ekitaldia, ekainaren 10ean, hain zuzen ere. Orduantxe, eszenaleku ederrean, lau obra taularatzeko asmoa dutela iragarri dute antolatzaile leioaztarrek; eta antzerkiko mikrolanen lehiaketa moduko bat ere prestatu dute, lau antzezlan horiek aukeratzeko.
Martxoaren 20tik maiatzaren 31ra martxan izango dugu Getxon Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa. Irakurzaletasuna sustatzeaz batera, euskarazko literatura eta herrietako liburutegiak ezagutaraztea dira egitasmoaren helburuak Getxon, EGIZU elkartea, Getxoko Udala eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez jarriko da martxan egitasmoa. Udal liburutegiak, BOLiBAR-ELORDUI, GOBELAURRE eta ELKAR liburu dendak egitasmoaren ezinbesteko kolaboratzaileak dira. Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra arte iraungo du. Liburu dendetan, ekainaren 10era arte. Getxoko Udal liburutegietan, maileguan harturiko euskarazko liburu bat irakurtzearen truke, irakurleak irakurketa-fitxa erraza bete eta erosketa-txeke bat jasoko du liburutegian bertan. Txeke horrek irakurleak nahi duen beste liburu bat %35 merkeago erosteko balioko du, Algortako Elkar, Areetako Bolibar-Elordui edo Romoko GobelAurre liburu dendetan.
Uribe Kostaraino gauez helduko da Korrika, apirilaren 5ean, 23:40ak aldera. Apirilaren 6an, gaueko ordu txikietan, eskualdea gurutzatuko du, eta itsasadarra zeharkatu Ezkerraldetik jarraitzeko. Erandiogoikoraino gaueko 09:25ean bueltatuko da.
Aste-akabu honetan, zapatuan eta domekan, jokatuko da Getxoko Mushing Hondartza Txapelketaren lehenengo edizioa, Algortako Ereagako hondartzan. Txapelketa hori kirol-modalitate horren lehena izango da gure inguruan; nabarmenena da lera-txakurrak erabiltzen dituztela, kirolaren jatorria Europako iparraldeko herrialdeetan baitago, bertan erabiltzen den garraio-mota bat da eta.