Domeka honetan, apirilaren 2an, mendira aterako dira Erandioko berbalagunak. Udaberria dela baliatuta, Pagasarrira igotzeko plana prestatu dute, Berbots euskaltzaleen topaguneagaz batera. Hala, domekan Astrabuduko anbulatoriotik irtengo dira, goizeko 09:00etan, Pagasarrira autoz hurreratzeko. Aterpera 11:00etarako heltzea da asmoa, bertan hamaiketakoaz gozatzeko. Atzera bueltako bidea eginda, 13:00etan Erandion izatea espero dute. Izena emateko nahikoa da mezu bat bidaltzea honako bitartekoren batera: 667 995 716 telefonora whatsapp-mezuren bat igorriz edo berbalagunerandio@gmail.com posta elektronikora mezuren bat igorriz.
Dantza Eguna ospatuko dute domeka honetan, apirilaren 2an, Berangon. Horretan, udalerriko hainbat elkarte batuko da, askotariko dantzak erakusteko. Hala, euskal dantzez, balletaz, sevillanez eta dantza modernoaz gozatu ahalko da egun horretan. Ekitaldia 12:30ean hasiko da, frontoian.
Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.
Eskualdeko aurkezpena barikuan egingo dute, Itzubaltzeta/Romoko parrokia-etxeko ekitaldi-aretoan, 19:00etan. Euskararen aldeko lasterketak apirilaren 6an zeharkatuko du Uribe Kosta, Lemoiz izan ezik. Daborduko, herrietako Korrika-batzordeek egitarau zabala prest daukate.
Kalian Hiri Kultur Guneak bigarrenez antolatuko du antzerki-lan laburren jaialdia. Aurrekoan legez, Ondiz dorrean egingo dute ekitaldia, ekainaren 10ean, hain zuzen ere. Orduantxe, eszenaleku ederrean, lau obra taularatzeko asmoa dutela iragarri dute antolatzaile leioaztarrek; eta antzerkiko mikrolanen lehiaketa moduko bat ere prestatu dute, lau antzezlan horiek aukeratzeko.
Martxoaren 20tik maiatzaren 31ra martxan izango dugu Getxon Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa. Irakurzaletasuna sustatzeaz batera, euskarazko literatura eta herrietako liburutegiak ezagutaraztea dira egitasmoaren helburuak Getxon, EGIZU elkartea, Getxoko Udala eta Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez jarriko da martxan egitasmoa. Udal liburutegiak, BOLiBAR-ELORDUI, GOBELAURRE eta ELKAR liburu dendak egitasmoaren ezinbesteko kolaboratzaileak dira. Martxoaren 20an hasi eta maiatzaren 31ra arte iraungo du. Liburu dendetan, ekainaren 10era arte. Getxoko Udal liburutegietan, maileguan harturiko euskarazko liburu bat irakurtzearen truke, irakurleak irakurketa-fitxa erraza bete eta erosketa-txeke bat jasoko du liburutegian bertan. Txeke horrek irakurleak nahi duen beste liburu bat %35 merkeago erosteko balioko du, Algortako Elkar, Areetako Bolibar-Elordui edo Romoko GobelAurre liburu dendetan.
Uribe Kostaraino gauez helduko da Korrika, apirilaren 5ean, 23:40ak aldera. Apirilaren 6an, gaueko ordu txikietan, eskualdea gurutzatuko du, eta itsasadarra zeharkatu Ezkerraldetik jarraitzeko. Erandiogoikoraino gaueko 09:25ean bueltatuko da.
Zinegoak gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia Uribe Kostan izango da datozen egunotan eta asteotan. Hala, martxoaren 29an eta 30ean Leioan izango da festibala; apirilaren 7an, Sopelan.
Begoñako galeriak ezagutzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea; horretarako epea zabaldu dute daborduko. Galeriak apirilaren 1etik uztailaren 30era bisitatu ahal izango dira. Aurrekoetan legez, izen-ematea egin ahal izango da udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono-zenbakira (944 910 800) deituta.