Domeka honetan, uztailaren 30ean, Zura izeneko laukoteak kontzertua joko du Gorlizko elizan. Ekimena XVI. Udako Jaialdiaren barruan dago, bertoko Udalak antolatutako udako egitarauaren barruan, arte eszenikoen ingurukoa. Kontzertua 21:00etan hasiko da; sarrera doakoa da.
Begoñako galeriak ezagutzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea; horretarako epea zabaldu dute daborduko. Galeriak apirilaren 1etik uztailaren 30era bisitatu ahal izango dira. Aurrekoetan legez, izen-ematea egin ahal izango da udalaren webgunean edo Turismo Bulegoaren telefono-zenbakira (944 910 800) deituta.
Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Joan den martxoaren akabuan ipini zuten berriro martxan Getxoko Ingurumen Aretoa, Larrañazubi inguruan. Ordutik, hamaika izan dira bertan egindako jarduerak, gazte zein helduentzat. Udarako ere egitarau luzea prestatu dute, uztailaren 30 arte: ibilbide gidatuak, marrazketa-tailerrak, lore-tailerra eta sendabelarren tailerra, besteak beste. Saio denak doakoak izango dira.
Irailaren 21etik 24ra arte egingo da Sopela Kosta Fest jaialdia. Daborduko surfari buruzko film laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute antolatzaileek: lanak irailaren 3ra arte aurkez daitezke. Guztira, 1.000 euro banatuko dira saritan: lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula lila” alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film lab urrek parte hartuko dute, eta "emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinarekin, beti ere", udal-iturriek adierazi dutenez.
Aste-akabu honetan, hilaren 28tik 30era, Itsas Market izeneko ekitaldia egingo dute Plentziako Ontziola plazan, bertako Udalak eta Brandari elkarteak antolatuta. Ekimen horrek aisialdi jasangarria, artea eta bertoko kontsumoa zein genero-berdintasuna sustatzea du helburu. Horretarako, hamaika ekitaldi antolatu dituzte, hala nola musika, birziklapen tailerrak, artisau- eta diseinu- azoka, aurpegi marrazketa, gastronomia ekologikoa, itsasadarraren garbiketak, Swing Session bat, kontzertuak eta musika jartzaileak.
Algortan, gaur, barikuan, emango diete hasiera San Inazio jaiei; ospakizunak uztailaren 31ra arte iraungo dute.
Fadurako kiroldegian egingo da Espainiako Ultimate Frisbee Txapelketa, datozen zapatuan eta domekan, uztailaren 29an eta 30ean. Hamabost talde inguru gerturatuko dira Algortara eta Fadurako Kirolarien Egoitzan hartuko dute ostatu. Lehiaketa Diskolari klubak antolatu du, eta 200 parte-hartzaile inguru izango dira lehian.
Itzubaltzeta/Romon eta Pinuetan, uztailaren 30ean emango diete hasiera jaiei; ospakizunak abuztuaren 6ra arte iraungo dute.