Plentziako 2017ko Idiazabal Jatorri Deiturako Gaztaren Lehiaketa Ofiziala izango da domekan, hilaren 20an, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Eleiz enparantzan. Idiazabal gaztarik onenak saritzen dituen lehiaketaren 28. edizioa izango da aurtengoa, eta Plentziako Uria Gazta Sariketaren 33. ekitaldia.
Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Irailaren 21etik 24ra arte egingo da Sopela Kosta Fest jaialdia. Daborduko surfari buruzko film laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute antolatzaileek: lanak irailaren 3ra arte aurkez daitezke. Guztira, 1.000 euro banatuko dira saritan: lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula lila” alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film lab urrek parte hartuko dute, eta "emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinarekin, beti ere", udal-iturriek adierazi dutenez.
Andra Mari festen ostean, Gorlizko udako azkeneko jaiak helduko dira, abuztuaren 19an, zapatuagaz. Ospakizunak Urezarantzara mugituko dira, bi egunez txoko hori jai-giroan murgiltzeko asmoagaz.