Uribe Kostako Mankomunitateko Gizarte-Ekintza saila, Sopelako Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta eskualdeko beste Udalakaz elkarlanean, menpekotasuna duten senideen zaintzaile ez-profesionalak bilatzen dabil, gizartean ikusgai egiteko kanpaina baten bidez.
Irailaren 21etik 24ra arte egingo da Sopela Kosta Fest jaialdia. Daborduko surfari buruzko film laburren lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute antolatzaileek: lanak irailaren 3ra arte aurkez daitezke. Guztira, 1.000 euro banatuko dira saritan: lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro "Taula lila” alorreko irabazleak. Atal honetan emakumeek eginiko film lab urrek parte hartuko dute, eta "emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinarekin, beti ere", udal-iturriek adierazi dutenez.
Urtero legez, Antolintxuri eta Madalentxuri harrera eginez ofizialki abiatuko dituzte San Antolin jaiak, abuztuaren 30ean, eguaztena. Ostera, aurreko zapatuan ere izango da zer ospatu hilaren 26an, bertan aurkeztuko baitituzte herri-bozketaz aukeratutako Plentziako jai-pertsonaien rolak nortzuek beteko dituzten.
Abuztuaren 30etik urriaren 1era arte, munduko 23 artisten lanak ikusi ahal izango dira Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdian; gune ezberdinetan erakutsiko dituzte ikus-entzunezko lanak, batez ere aire zabalean. Oraingo honetan, "Trantsizioak" goiburuaren pean, egileek globalizazio ondoko efektuen gainean hausnarketa egingo dute. "Opening" izeneko inaugurazio-ekitaldi ofiziala bariku honetan, irailaren 1ean, egingo dute; Areetako Andrés Isasi musika-eskolan ipini dute hitzordua, 19:30ean. Sarrera doan izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da.