Getxoko Gure Esku Dagok agerraldi "jendetsua" egingo du zapatuan, hilaren 21ean, Algortako Portu Zaharreko eskaileretan. Bertan, udalerriko askotariko jendea azaroaren 5eko herri-galdeketan parte hartzeko deia egingo dute, 12:00etan. Era berean, hainbat gaztek bizikleta-martxa egingo dute, Getxoko Andra Mariko kiroldegitik abiatuta, 10:30ean; udalerriko auzo denetatik pasako dira eta 12:00etan Portu Zaharreko agerraldian parte hartuko dute.
Udagoienean bete-betean sartuta gaudela, urriko egitaraua prestatu du Getxoko Ingurumen Aretoak. Hala, hilaren akabura bitartean, eskulanak, tailerrak eta erakusketak egongo dira, besteak beste. Saio denak doakoak izango dira.
Iazko arrakasta ikusita, GetxoExpress film laburren lehiaketa bigarrenez egitea erabaki dute antolatzaileek. Hala, jaialdia urriaren 20an hasiko da, 18:00etan, Elkartegian (Ogoño kalea 1, Areeta), parte hartzaile guztiei filmaren gaia azalduz. Une horretatik aurrera, 25 taldeek 42 ordu izango dituzte film labur bat asmatu, grabatu eta ekoizteko. Proiektuak leku berean proiektatuko dira, urriaren 22an, domekan, 11:00etatik 12:00etara. Interesatuek izena eman dezakete daborduko, jaialdiaren orrialdearen bidez; epea urriaren 13an amaituko da.
AHO-RA herri ekimen feministak gorputz adierazpen tailerra antolatu du hilaren 21erako eta 22rako, Algortako Fadura kiroldegian. Bizidantza Elkarteak emango ditu eskolak, 17:30etik 20:30era. Tailerra doakoa izango da, baina derrigorrezkoa izango da izena ematea aldez aurretik.