Ikasturteko Irakurzaleen Txokoko bigarren saioa izango dugu azaroaren 30ean. Kepa Altonaga gurean izango da “Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan” liburuaz berbetan. Solasaldia hasi aurretik, 19:00etan lagun talde bat elkartuko gara liburuaren inguruan berba egiteko eta 19:30ean Kepa etorriko zaigu aurkezpen txikia egiteko eta sortu zaizkigun galderei erantzuteko. Beraz, azaroaren 30ean, osteguna, elkartuko gara Algortako Villamonte Kultur Etxean; 19:00etan edo 19:30ean etortzea zuen aukera da.
Urtero legez, azaroaren akabuan Ander Deuna Eguna ospatuko dute barrikoztarrek. Hala, hilaren 30ean, eguenean, Barrikako dozenaka lagun Goierriko Ander Deuna baselizara hurreratuko dira. Horrenbestez, goizeko 11:00etan santu horren omenezko meza nagusia egingo dute. Ordu erdi geroago, Barrikako abesbatzak baselizara hurreratuko diren denen alaitasunerako abestiak kantatuko ditu. Jarraian, 12:00etan, trikitilariek askotariko doinuak zabalduko dituzte barrikoztar denak dantzan jartzeko. Azkenik, egunari amaiera emateko, 12:00etan herri-hamaiketakoa egingo dute. Hala, bertaratuko diren herritarrak sabela beteta bueltatu ahal izango dira etxera Ander Deunari gorazarre egin ostean.
ArgIHIzkiak argazkietan oinarritutako testu laburren VI. lehiaketaren erakusketa ikusteko aukera egongo da hilaren 20tik abenduaren 1era, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
Erandioko emakume-taldeek eta Udalak hainbat jarduera antolatu dute batera, datozen egunotan bortxakeria matxistaren aurkako jarrerak zabaltzeko.
Bihartik, eguenetik, abenduaren 5era bitartean egongo da ikusgai "Lehenengo begiradak" izeneko erakusketa, Algortako Villamonteko kultur etxean. Ekimena Liburutegiak Topaleku programaren barruan kokatuta dago, eta Laura Caorsi kazetariak azken hamar urteotan zehar (2007-2017) egindako 460 elkarrizketetatik Getxon bizitzeko aukeratu duten 60 pertsonari egindakoak ikusi ahal izango dira. Horiek astelehenero argitaratu ditu El Correo egunkariak "Nuevos Vascos" atalean.
Euskarari gorazarre egiteko dena prest dago Berangon. Izan ere, azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean, adin denei begirako astebeteko egitaraua prestatu du Udalak.