Getxoko Bilgune Feministak herri-topaketa egingo du hilaren 27an, zapatuan. Iragarri dutenez, asmoa da saioak goizean eta arrastian egitea.
Neguko Bidaia kontzertu didaktiko-musikalen zikloari jarraipena emango diote, zapatu honetan, urtarrilaren 27an, Areetako Andres Isasi musika-eskolan: Malú Garay abeslari bilbotarrak emanaldia eskainiko du, bere ohiko laukoteagaz. Kontzertua 19:30ean hasiko da eta sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da.
Urte berrian bete-betean sartuta gaudela, urtarrileko egitarauan murgilduta dago egunotan Getxoko Ingurumen Aretoa. Hala, hilaren akabura bitartean, askotariko jarduerak egongo dira aukeran. Saio denak doakoak izango dira.
Hilaren 15etik 27ra bitartean, trenari lotutako seilu erakusketa egongo da ikusgai Plentziako Goñi Portal kultur etxean. Udalak azaldu duenez, 12 bildumatako zigiluak egongo dira ikusgai, "trenari buruzko gai interesgarriak jorratuz", hala nola trenaren historia, burdin-bideak, tren-ibiltaria eta lokomotorra ONCEren kupoietan.