Bihar, martitzena, "Iragartze" film-dokumental laburra lehenengo aldiz proiektatuko da BBK Aretoan, Bilboko Kale Nagusian, 19:00etan. Filmean ikusiko dugu Iragartze Fernández Esesumaga (Getxo, 1993) algortarraren ohiko aste bat. Hirugarren Mailako arbitro laguntzailea eta erizaina da Fernández, Bizkerreko jokalari ohia izateaz gainera.
Gaur, martitzena, "Euzkadi SA. El gen corrupto del PNV" bere azken liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaieta kazetariak, Plentzian. Kandelaria elkarteak antolatutako berbaldia 19:00etan izango da, Goñi Portalean; sarrera, doan.
"La evolución histórica de la orquesta sinfónica" zikloa gaur, barikuan, hasiko da Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Hizlaria Jose Maria Bretos Linaza getxoztarra izango da; “Akustika eta organologia” eta "Akustika musikala" irakasgaien irakaslea da, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika-ikastegian.
Bertsolariak prest daude Uribe Kostako txapelaren bila joateko. Algortako Bertsolari Eskolak jakinarazi duenez, "25 bertsolari trebe lehiatuko dira", hilaren 9an, 16an eta 24an, Erandion, Algortan eta Sopelan, hurrenez hurren.
Martxoan bete-betean sartuta gaude eta Getxoko Ingurumen Aretoak hilabeteko egitarauari heldu dio daborduko. Zapatuan marmeladak egiteko tailerra egingo dute, Olatxuko Laboreaken eskutik.
Guardia Zibilak hainbat orduz atxilotuta eduki ditu Miren Zabaleta, Oihana Garmendia, Antton Lopez 'Kubati' eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kideak. "Terrorismoa goratzea" leporatu die, Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenaldi ekitaldian parte hartzeagatik. Polizia-operazioa salatzeko, eskualdean mobilizazioak iragarri dituzte gaurko eta etzirako.