Euskal Herriko hiri eta herriak zeharkatuko ditu udan zehar Iker Galartza aktorea, gidoilaria eta sortzailea buru duen euskal artisten karpa ibiltariak. Amezketan hasi zuen lehen bira, eta Aiatik, Zumaiatik, Ordiziatik eta Ondarroatik igaro ostean, Gorlizen egingo du geldialdia Gure Zirkuak. Abuztuaren 9tik 19ra arte izango dira saioak, eguenetik domekara: sarrerak 12 eurotan daude, www.ticketea.com webgunean.
Azken asteotan Bizkaira heldu diren errefuxiatuei eta pertsona migratzaileei laguntzeko materiala batzea erabaki dute Astrabuduan eta Altzagan. Barikutik domekara zenbait gai bilduko dituzte Egoki eta Hegoalde tabernetan.
Andra Mari festen ostean, Gorlizko udako azkeneko jaiak helduko dira bihar, abuztuaren 18an, zapatuagaz. Ospakizunak Urezarantzara mugituko dira, bi egunez txoko hori jai-giroan murgiltzeko asmoagaz. Tradizio handikoa da domekako sukalki-lehiaketa.