Abuztuko etenaldiaren ostean, gogotsu heldu dio Getxoko Ingurumen Aretoak ikasturte berriari. Hala, irailaren 1ean hilabete honetarako egitarauari hasiera eman zioten, txikientzako tailerrakaz eta altxorraren bila jolasagaz. Aste-akabu denetan askotariko jarduerak egongo dira gozagai.
"Bizkaiko autobus bidezko garraio publikoaren historia" erakusketa ikusbide egongo da Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean irailaren 3tik 16ra. XIX. mende amaierako diligentzietatik abiatuta, garraiobide horren bilakabide osoa gogoratzeko aukera emango du ekimenak.
Gaur, eguaztenean, hasiko da Getxophoto, Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdia. Horretan, munduko 20 bat artisten ikus-entzunezko lanak ikusi ahal izango dira, udalerrian zehar kokatutako gune ezberdinetan, irailaren 30era arte. Oraingoan, "Gatazka-ostea, elkarrizketa berreraiki" izango da leloa. Lanok gatazka ekologikoak, politikoak eta gizakien artekoak jorratzen dituzte, baita gatazka ondorengo aldietako ondorioak eta elkarrizketa berreraikitzea ere.
Datorren asteko eguaztenean, irailak 5, hasiko da aurtengo Getxophoto. Hamabigarren ediziora ailegatuko da honenbestez Begihandi kolektiboak antolatutako argazki-jaialdia, oraingoan gatazken osteko elkarrizketa-bideei arreta emanez, eta beti bezala espazio publikoari lehentasuna eskainiz.
Estatu Batuetako presidente ahalguztidunaren aurpegia inprimaturik daukan koltxoneta erraldoiak Getxophoton hartuko du lurra, irailaren 6tik 9ra arte. Gura duenak bere gainean jauzi egin ahal izango du, Getxo Antzokian.
Altzagako San Agustin festei amaiera eman eta ziztu bizian Erandioko hurrengo auzo-festaren txanda heldu da, Enekurikoa. Hala, bariku honetan suziriaren eztandak abiatuko ditu bertako jaiak, domekara arte.
Irailaren 7tik 9ra arte Andra Mari jaiez gozatu ostean, irailaren 16an errepikapena egingo dute Leioako Ondiz auzoan.
Ohiturak lege: aste-akabu bitan egingo dira Urdulizko jaiak; Landan, lehenengo, eta Elortzan, ondoren. Egitarauan ez da klasikorik faltako: Kakarraldoaren jaitsiera, goitibeherak, herri-bazkaria...
Proposamen berriakaz hasi du Ekogunek ikasturte berria: Inguru minguru tailerrak. Arduradunek azaldu dutenez, horien helburua da txikienei inguruarekiko errespetua sustatzea. Tailerrok iraileko eta urriko barikuetan egingo dituzte, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerrietan, 17:00etatik 19:00etara.
Adin guztietako jendeari zuzendutako programazioa nekazaritza-azokagaz zabalduko dute, zapatu honetan, irailaren 8an; euskal produkturik onenak batuko ditu, udal-arduradunek adierazi dutenez. Bestalde, Euskal Jaia domekan amaituko da, 18:00etan Udaletxeko plazan egingo duten umeentzako disko festagaz.