Tokiko hedabideen erronkei ipiniko die arreta HIRUKAren jardunaldien bosgarren saioak, azaroaren 15ean, eguenean, EHUko Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko entzungelan, goizeko 11:00etatik aurrera. Jone Guenetxea Tokikomeko presidenteak, Maria Gonzalez Gorosarri EHUko ikertzaileak, Jabi Zabala Bilbo Hiria irratiko kideak eta Unai Brea HIRUKAko kazetariak parte hartuko dute mahai-inguruan.
HIRUKAk ekonomikoki bizi dituen une gaitzak arintzen lagunduko duten norbanakoak aurkitzeko asmoz, HIRUKAlagunak egiteko kanpaina kalera aterako du Uribe Kostako komunikazio-taldeak. Horren barruan, eta ALBE Algortako Bertsolari Eskolaren laguntzaz, bertso-poteoa egingo dugu azaroaren 15ean, eguenean, Algortako Ajuria tabernatik abiatuta arrastiko 20:00etan.
Erandioko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Zapatutan ekimena hilaren 20an izango da bueltan, sendientzako ekintza dibertigarriz lepo. Urriaren 20an egingo dute udagoienean ere familia giroan eta euskaraz ondo pasatzeko lehenengo jarduera eta abenduaren 15ean amaituko dute zikloa. Ohi legez, zapatuetan izango dira jarduerak, 18:00etatik aurrera; daborduko izena eman daiteke.
Joan den martxoan arrakasta handia izan ondoren, Erica Liquete ipuin-kontalari sopeloztarrak Sorgina Txirulinaren hainbat tailer berri eskainiko die Erandioko guraso erdaldunei, seme-alaben laguntzagaz euskarara hurreratzeko. Saioak urriaren 20tik abenduaren 15era izango dira, zapatuetan, 17:30ean; daborduko, izena eman daiteke.
Datorren urriaren 17an, bosgarren ikasturteari ekingo dio Erandioko Emakumeen Jabekuntza Eskolak, datorren urteko ekainaren 7ra arte.
Urriaren 15etik martxoaren 31ra irekita egongo da 13. Punta Galea Challenge surf-txapelketaren itxarote-denbora. Iazko arrakastaren ondoren, proban izango dira berriro ere munduko olatu handien surflari onenak.
Bilbao Mendi Film Festivalek 11. edizioa ospatuko du urte amaieran, abenduaren 7tik 16ra bitartean. Nazioarteko jaialdi hori heldu bitartean Mendi Tour zirkuitua Itzubaltzeta/Romotik igaroko da, datorren asteko martitzenetik eguenera.
Leioako Udaleko Hezkuntza eta Partaidetza Sailak eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak 2030 urteari begira garapen iraunkorrerako markatu diren helburuei buruzko erakusketa ipini dute Ondiztorren; azaroaren 16ra arte izango da ikusbide.