Uztailaren 2an, zapatuan, Amaia abeslari ezagunaren emanaldia izango da Ereaga hondartzako aparkalekuan. Bertan Cuando no sé quién soy bere azken laneko kantuak eskainiko ditu 22:00etatik aurrera –hasiera batean 23:00etan hastea aurreikusita zegoen–, eta saiorako sarrera doakoa izango da. Nafarroako artista Nazioarteko Jazzaldiaren 45. edizioa dela-eta arituko da, eta emanaldi horren bitartez, antolatzaileek publiko gaztea erakartzeko bidea zabaldu gura dute, generoari lotuta ez dauden artisten eskutik.
Sopelako San Pedro jaietarako egitarau oparoa prestatu dute aurten Udalak eta jai-batzordeak. Gainera, azken urteotako geldialdiaren ostean, festak indarrez beteta datozela baieztatu dute programa osatzen aritu direnek. Aurten, Gorka Granado Terrones arduratuko da pregoiaz; dantzari gazteak Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi zuen iaz. Beragaz batera, Txokoholik taldeak jaurtiko du jaien hasiera iragartzeko txupina.
Osasun-krisiaren etaparik latzenaren ondoren, Getxo Jazzek normaltasuna berreskuratuko du 45. edizioan, eta nazioarteko artistak itzuliko dira. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean, jaialdiak berriro zabalduko du Euskadiko jazz zirkuitua, Melissa Aldana saxofoi jotzailea, Cyrille Aimée abeslaria, Fred Hersch piano-jotzailea eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile enblematikoa protagonista dituen egitarauaren eskutik. Ordainpeko kontzertuei Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak, Hirugarren milurtekoa atala eta familientzako kontzertuak gehituko zaizkie.
Indarrez eta ilusioz beteta helduko dio aste-akabu honetan Dastatuarte Food&Art jaialdi gastronomikoak bere hirugarren edizioari, bi urtez pandemiaren eraginez bertan behera gelditu ondoren. Hala, bizi-bizirik bueltatuko da udalerriko kaleak musikaz, tailerrez, dastaketaz eta antzerkiaz betetzera. Egitarau zabala antolatu dute, publiko guztiarentzat.
Erandioko Arriaga auzoko San Trifon jaietan, ohi legez, txupinak eta pregoiak abiatuko dute festen lehen eguna. Garrantzi handia edukiko dute erromeria-doinuek. Gaur, barikua, Gora Herria taldeak joko du; zapatuan, berriz, Akerbeltz taldeak emango du parrandarako aitzakia. Bestalde, zapatuan putxera-lehiaketa ere egingo dute.