Sinope kultur elkarteak antolatuta.
Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Barikutik aurrera Ondiz auzoak hartuko du Leioako jaien lekukoa, eta egitarau zabala eta askotarikoa antolatuko dute horretarako. Hasteko, lehen egunean, hilaren 8an, erromeriagaz eta mozorro-lehiaketagaz hasiko dute festa; irailaren 9an, zapatuan, berriz, LV. Bizkaiko Bakailao Lehiaketa eta kontzertu bi izango dira, besteak beste.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
Aste-akabu honetan hitzordu bikoitza izango dute leioaztarrek: batetik, Ondizko andramari jaiak hasiko dituzte barikuan, eta, bestetik, Udondon ere festen ospakizunak abiatuko dituzte domekan, hilaren 10ean. Festak domekan hasiko badituzte ere, ospakizunek hurrengo astean jarraituko dute, hilaren 15 eta 16an, hain zuzen ere.
Irailaren 11tik 18ra bitartean 36 irudik osatzen duten BBK Artearen Ibilbidea erakusketa Erandion egongo da, lurraldeko hainbat udalerri bisitatu ostean. Egitasmo horrek Arte Ederretako museoaren hainbat margolan, argazki eta collage dakartza, historian zehar Bizkaiak izan duen bilakaera erakusteko.