Urdulizko udaletxetik hasiko da herriko 9. herri-ibilaldia irailaren 23an, zapatu honetan. Nagusien irteera 09:00etan izango da eta umeena 10:00etan, eta izena emateko ordu bat lehenago egon beharko dira. Ibilbidea bukatu ostean, gozagarria egongo da parte-hartzaile guztientzako, eta opariak ere zozkatuko dira.
Armintzako Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) azpiegitura bat da itsaso zabalean itsas energien kaptadoreen prototipoak eta ekipamendu osagarria probatzeko. Hala, ate irekien jardunaldia egingo du irailaren 23an, datorren asteko zapatuan, interesa duten lagunek BiMEPeko itsas-instalazioak bisitatzeko aukera izan ditzaten. Itsasontziz egindako irteerak 09:30etik 14:30era izango dira, orduro. Izen-ematea irailaren 23an izango da, Armintzako portuan jarriko duten karpan.
Sopelako Kiribile elkarteak Eraztun Berdearen ezaugarriak eta kokapena ezagutzeko bisita gidatua antolatu du irailaren 23an, zapatuan, aurtengo Sopela Kosta Fest jaialdiaren barnean. Ibilbidea Sopelako Urkoko putzuetan hasiko da 09:30ean, eta Urkotik, Abarotik eta Munarritik igaroko dira parte-hartzaileak. Hala, antolatzaileek adierazi duten moduan, bisita gidatuan ezagutuko dute inguruneko biodibertsitatea, hasi den inguruaren berroneratzea, baita ondare historikoa, kulturala eta arkeologikoa ere. Beharrezko da izena ematea hemen.
Igeribideak ekimenaren Masterclass bat antolatu dute irailaren 23rako, zapaturako, goizeko 09:30etik 11:30era. Astondoko hondartzan egingo dute eta 16 urtetik gorako pertsonentzat eta hastapeneko, erdiko edota maila aurreratuko igerilarientzat zuzendutako klasea izango da. Helburua da hondartzan aisialdiko igeriketa osasungarria, segurua eta autonomoa sustatzea, ingurune naturalean ahalik eta gutxien esku hartuz. Izen-ematea abuztuaren 31ra arte egongo da irekita, hemen.
Irailak 23an egingo dute, goizeko 12:00etatik 13:00etara, Armintzako portuan.
Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Bihartik, eguaztenetik, zapatura bitartean, Getxoko saltokiek euren produktuak aterako dituzte kalera berriro ere. Hala ere, euria eginez gero, irailaren 25era (astelehena) eta 26ra (asteartea) luzatuko lukete azoka. Aurrekoetan bezala, ekimen honen helburua da tokiko merkataritza sustatzea eta erakustea merkataritza-sektoreak herritarrei eskaintzen dizkien produktu guztiak. Parte hartuko duten enpresek getxoztarrei eta bisitariei askotariko produktuak eskainiko dizkiete, "oso prezio onean".
Sorne Gorozika: "Pintura-erakusketa hau bi zatitan banatuta dago. Kanpotik heltzen zaizkidan irudiak ia beti dira espezie desberdinetako ‘jendearen’ erretratuak. Barnekoak, ordea, nire buruan bueltaka agertzen dira, eta euskarri batean geldi uzten saiatzen naiz. Irudi horietako batzuk gizakiaren desnaturalizazio-prozesuaren ideian daude integratuta, haitzuloetatik ezerezera deritzodan prozesuan". » Non: Erakusketa gelan» Egunak: Irailaren 22tik urriaren 22ra» Ordutegia: Astelehenetik ostilarera 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak eta igandeak, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara» Sarrera: Doan
Udagoieneko ekinokzioagaz batera, Mesedeetako Andra Mariaren omenezko jaiak helduko dira Areetara aste-akabu honetan. Hala, hiru egunez, tokiko jai-batzordeak antolatutako egitarauak hankaz gora jarriko du auzo horretako lasaitasuna, adin guztietarako hamaika jarduerek giroa paregabea ekarriko baita ingurura barikutik domekara.
Hilaren 22, 23 eta 24an hainbat magia ikuskizun egingo dituzte Erandioko auzo nagusietan. Besteak beste, Tor magoa, Niñas del Mago, Txorroborro, Mag Gerard edo Peio Rivas magoek publiko guztientzako askotariko ikuskizunak eskainiko dituzte Erandiogoikoan, Astrabuduan eta Altzagan.
Sopela Kosta Fest jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko dute aurten: natura, musika eta surfa elkartuz berriro ere uda agurtuko dute sopeloztarrek irailaren 22tik 24ra. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengoan garrantzi handiagoa eman gura izan diote euren ingurunea ezagutzeari: "Daukagun ondare naturalaz gozatzeko aukera izan dezazuen, bisita gidatuak, tailerrak, familia-jarduerak, kirol-ekitaldiak, erakusketak eta abar prestatu ditugu. Guztion ardura da gure ingurumena zaintzea eta errespetatzea, gaur egun zein etorkizunean". Hala, jardueretan parte hartzeko izen-emateak daborduko zabalik daude irailaren 19ra arte, hemen.
2023ko irailaren 22tik urriaren 1era Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen (Asteklima) laugarren edizioa ospatuko da EAEn. Ekimen honen helburua da herritarrak klima-aldaketaren eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea. Gorlizko Udalak bat egingo du berriz ere sentsibilizazio-kanpaina horregaz eta zenbait jarduera antolatu ditu: irailaren 23an hondakinen birziklapen tailerra 18:30ean, irailaren 24an klima aldaketaren jokoa 12:00etan, eta irailaren 29an Mañana dokumentalaren emanaldia eta solasaldia 18:00etan. Ekitaldi guztiak Sertutxenan egingo dira, eta ez da aurretiaz izena eman behar. Informazio gehiago Gorlizko Turismo Bulegoan.