Udako jaien azken txanpa ospatuko dute Urdulizen irailaren 7tik 17ra bitartean. Egun horietan Andra Mari jaiak ospatuko dituzte, lehen aste-akabuan Landa inguruan eta Elortzan hurrengoan. Bertan, adin guztietako urduliztarrentzako jarduerak egingo dituzte, hala nola kuadrillen lehiaketak, kontzertuak, umeentzako ekintzak... Gainera, urtero legez, hilaren 23an eta 30ean Herri Ibilaldia eta plater tiro lehiaketa egingo dituzte, hurrenez hurren.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Sorne Gorozika: "Pintura-erakusketa hau bi zatitan banatuta dago. Kanpotik heltzen zaizkidan irudiak ia beti dira espezie desberdinetako ‘jendearen’ erretratuak. Barnekoak, ordea, nire buruan bueltaka agertzen dira, eta euskarri batean geldi uzten saiatzen naiz. Irudi horietako batzuk gizakiaren desnaturalizazio-prozesuaren ideian daude integratuta, haitzuloetatik ezerezera deritzodan prozesuan". » Non: Erakusketa gelan» Egunak: Irailaren 22tik urriaren 22ra» Ordutegia: Astelehenetik ostilarera 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak eta igandeak, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara» Sarrera: Doan
2023ko irailaren 22tik urriaren 1era Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen (Asteklima) laugarren edizioa ospatuko da EAEn. Ekimen honen helburua da herritarrak klima-aldaketaren eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea. Gorlizko Udalak bat egingo du berriz ere sentsibilizazio-kanpaina horregaz eta zenbait jarduera antolatu ditu: irailaren 23an hondakinen birziklapen tailerra 18:30ean, irailaren 24an klima aldaketaren jokoa 12:00etan, eta irailaren 29an Mañana dokumentalaren emanaldia eta solasaldia 18:00etan. Ekitaldi guztiak Sertutxenan egingo dira, eta ez da aurretiaz izena eman behar. Informazio gehiago Gorlizko Turismo Bulegoan.