Leioako Mendi Taldeak eta Leioako Udalak orientazio-proba herrikoiaren bigarren edizioa antolatuko dute domekan, urriaren 1ean. Lehiaketa Boulevardko gune estalitik aterako da 10:00etan eta COBI Bidea Orientazio Klubaren laguntza izango du alor teknikoan.
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
Garazi Basterretxea idazleak eta Maite Mentxaka ilustratzaileak osatutako Aitite Magikoa ipuin ilustratuan oinarritutako erakusketa egongo da ikusgai Abian Kultur Elkartean (bidebarri 2 behea, Algorta). Garaziren aititerentzako urtebetetze opari gisa osatutako lanak doluaren eta memoriaren inguruan dihardu, pertsona maitatu baten galeraren ondorengo prozesua azaltzeko. Liburuak jasotzen dituen ipuinekin egin genuen bezala, argitalpenean erabilitako ilustrazio-teknika ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu oraingoan, irailaren 7tik urriaren 7ra bitarte. Lana 2022an argitaratu zuten, eta garai hartan Hirukak elkarrizketatu zituen bi sortzaileak.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Sorne Gorozika: "Pintura-erakusketa hau bi zatitan banatuta dago. Kanpotik heltzen zaizkidan irudiak ia beti dira espezie desberdinetako ‘jendearen’ erretratuak. Barnekoak, ordea, nire buruan bueltaka agertzen dira, eta euskarri batean geldi uzten saiatzen naiz. Irudi horietako batzuk gizakiaren desnaturalizazio-prozesuaren ideian daude integratuta, haitzuloetatik ezerezera deritzodan prozesuan". » Non: Erakusketa gelan» Egunak: Irailaren 22tik urriaren 22ra» Ordutegia: Astelehenetik ostilarera 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak eta igandeak, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara» Sarrera: Doan
Binetaren munduarekiko hitzordua Getxora itzuliko da irailaren 29tik urriaren 1era, Komiki Azokaren eskutik. Ohi bezala, bertan, sektoreko artistei omenaldia egingo zaie eta, aurten, Ana Miralles artista beteranoa eta Mikel Begoña euskal gidoilaria izango dira protagonistak. Erakusketan beste artista entzutetsu batzuk ere izango dira, besteak beste, Natacha Bustos, aurtengo kartelaren sortzailea. Oraingo honetan, azoka Areetako Xake plazan izango da, eta bertan egongo dira 40 salmenta-postu egongo dira; jarduerak, aldiz, Romo Kultur Etxean egingo dituzte, azken edizioetan bezala.
Barikutik domekara bitartean ospatuko dituzte Mikel Deunaren festak Txopoeta auzoan. Hurrenez hurren, Garilak 26 eta Basajaun taldeek girotuko dituzte barikuko eta zapatuko gauak, eta Txop chef edo tortilla lehiaketa gastronomikoak ere egingo dituzte egun horietan. Ez dira faltako ezta ere ohiko umeentzako jolasak edo herri kirolen erakustaldia.
Juana Bizkarra egonaldi artistikoaren hirugarren edizioan hautatutako proiektuak “eMcumeak” euskal emakume sortzaileen egoera taularatzea du helburu, baita kultur sektoreko androzentrismoa agerian jartzea ere. Iraganeko zein orainaldiko euskal emakume sortzaileen izenak eta izanak mahai gainean jarriko ditu antzezlanak, umore eta hitz-joko bitartez, gastronomiari lotutako jolasekin. Publikoa Muxikebarrin sartu orduko, janari lasterreko jatetxe famatu baten atmosferan murgilduko da, on egin!
Leioako Campuseko Arboretumak Munduko Landareen Azokaren edizio berri bat hartuko du aste-akabu honetan, irailaren 30ean eta urriaren 1ean. 40 erakusketari baino gehiagok eskainiko dutenaz gozatu ahal izateko doako autobus-zerbitzua egongo da Erandioko eta Leioako metro-geltokietatik.
Erandioko Udalak Landa munduan galdutako lanbideak izeneko erakusketa antolatu du, daborduko udalerrian galduta dauden hainbat lanbide ezagutzera emateko helburuagaz.