Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Sorne Gorozika: "Pintura-erakusketa hau bi zatitan banatuta dago. Kanpotik heltzen zaizkidan irudiak ia beti dira espezie desberdinetako ‘jendearen’ erretratuak. Barnekoak, ordea, nire buruan bueltaka agertzen dira, eta euskarri batean geldi uzten saiatzen naiz. Irudi horietako batzuk gizakiaren desnaturalizazio-prozesuaren ideian daude integratuta, haitzuloetatik ezerezera deritzodan prozesuan". » Non: Erakusketa gelan» Egunak: Irailaren 22tik urriaren 22ra» Ordutegia: Astelehenetik ostilarera 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak eta igandeak, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara» Sarrera: Doan
Uda bukatu arren, oraindino ez dira auzo guztietako jaiak bukatu. Hala, Andraka auzoko herritarrek plan ezin hobea dute hilabeteari hasiera emateko: urriaren 4tik 16ra bitartean San Frantzisko jaiak ospatuko dituzte. Besteak beste, puzgarriak, umeentzako herri-kirolak, baita ume eta nagusientzako mendi martxa bat ere antolatu dute. Modu horretan, natura, ohiturak eta musika elkartuko dituzte udagoienean ere jaiez gozatzeko.
Kurdistanen inguruko argazki erakusketa antolatu du Abian Kultur Elkarteak Algortako merkatuan (Torrene, 4). Ikusgai egongo da astelehenetik ostiralera, 08:00-14:00 artean. Herriko dendetan erosi eta bitartean kulturaz gozatzea ez da gauza makala. Animatu eta pasa zaitez.
Barikuan, hilaren 6an, hasiko da arte eszenikoak oinarri hartuko dituen Getxo Eszena programaren 41. edizioa. Hala, hilaren 22ra bitartean, askotariko diziplinetako ikuskizunen eskaintza zabala hartuko du udalerriak; guztira, 10 lan antzeztuko dira Muxikebarri antzokian, gehienak euskal konpainien eskutik. Sarrerak ohiko salmenta-lekuetan erosi ahal izango dira.
Astrabuduko Hogar Extremeño elkarteak XLII. Aste Kulturala egingo du gaurtik hilaren 15era bitartean. Bea Bernal da elkarteko presidentea eta azaldu duenez, "Lan handia eskatzen du ekintza guztiak antolatzea, baina gero emaitza eta auzoak nola erantzuten duen ikustea oso pozgarria da".
Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak antsietatea eta estresari buruz hitz egiteko tailerrak egingo ditu Gorliz eta Sopelan, bi taldetan banatuta. Talde bat urriaren 9an eta 16an izango da, Gorlizko erakusgelan, Eloisa Artaza 3 kalean, 17:30etik 19:30era. Bestea, azaroaren 21ean eta 28an, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, 17:30etik 19:30era. Hala, antsietatea eta estresa hobeto kudeatzeko gakoak emango dituzte tailerretan.