Centro León y Castilla (Astrabudua). Dulzaineros Centro León y Castilla (Astrabudua). Raíces Charras (Centro Salmantino Barakaldo). Danza Folklóricas de Honduras.
Bederatzi urteko ikerketa baten ostean, emaitzakaz osatutako Barrikako toponimia berria aurkeztuko dute barikuan, hilaren 20an, Ander Deuna Aretoan, 18:00etan. Lana Gertuko Kultur Elkarteko kideez osatutako TopoBarrika boluntario-taldeak egin du eta, azaldu dutenez, horren ondorioz, udalerrian dauden lekuen izenak eta kokapenak ezagutzea ahalbidetuko dute, hain zuzen, herri baten kultura-ondarea mantentzeko.
Atzerako kontaketa hasi da, eta barikuan, hilaren 20an, datorren urteko Ibilaldiko kultur ekintzen aurkezpena egingo dute Algortako San Nikolas plaza, 18:30etik aurrera. Horretan, besteak beste, musika, denda, bertsoak eta beste hamaika gauzez gozatzeko aukera egongo da.
Edestiaurre Arkeologia Elkarteak Barrikako Historiaurreko Jardunaldiak antolatu ditu barikurako, hilaren 20rako. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da talde horrek mota honetako ekimena antolatzen duena eta, oraingoan, duela 400.000 urte inguruotan zegoen fauna eta flora aztertuko dute Maria Jose Iriarte Chiapusso EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasleagaz. Berbaldia Plentziako PiEko auditoriumean izango da, 19:00etan.
Dohako hainbat kultur eskaintzez gozatu ahalko dute herritarrek bariku honetan, urriaren 20an, aniztasun funtzionaleko Amesten Elkarteak Urdulizko Kultur Etxean antolatutako ekitaldiagaz: 19:30etik hasita, Mi mundo manual izeneko erakusketa estreinatuko dute Jon Olabarriaren eskutik, eta hori ikusgai egongo da azaroaren 3ra arte. Halaber, Olabarriaren erakustaldiaren obrakaz lortutako diru guztia Amesten Elkarteari bideratuko zaio. Gainera, elkarteak hitzaldia ere egingo du ekitaldian zehar eta musikak giroa alaituko du hurrengo artistakaz: Lova Lois rap abeslari eta olerkaria, Iñaki Hernandez biolin-jotzailea eta Altxa Txalaparta Taldea.
2021ean, Ian Siegalek 30 urte bete zituen bira profesionalak egiten. Mende laurden horren ondoren, haren misioa ez da ia aldatu: errealak diren abestiak, durundi egiten duten ekitaldiak, gordinik emandako ahotsak. Beharbada hirurogeiko hamarkadatik sortutako izen ospe-tsuen ondoren blues artista britainiar arrakastatsuena da. Classic Rock-ek “altxor nazional” etiketa jarri dio; Estatu Batuetako bluesen bibliak “talentu izugarria” dio, eta MOJO aldizkariak “Erresuma Batuko idazlerik argiena eta blues interprete magnetikoena” dela adierazten du. Siegali 1991n egindako lehen kontzertuaren gauean gaur egungo ospea eta aintzatespena izango zituela esan izango bazenio, barre laburra egin izango zukeen. Garai hartan, bluesa egoera oso zailean zegoen, eta pentsaezina zen musika hori egunen batean 45 herrialdetara eramango zuela, edota bederatzi British Blues Award, hiru European Blues Award eta bi Mojo Blues Album of The Year irabaziko zituela, US Blues Music Awardserako hiru izendapenez gain. Hori estatubatuarra ez den norbaitentzat aitorpen izugarria da. Eta, hala ere, lorpen horiek guztiak izanda ere, Siegalen alderik garrantzitsuena beti da aurrean dugun mihise garbia. Siegalentzat, lehentasuna da hurrengo ikuskizuna, hurrengo abestia eta hurrengo disko aparta.
Abian Kultur Elkartearen eskutik dator Uribe Kostara Paola Bernal abeslari argentinarra. Latinoamerikako kantutegi zabala entzuteko aukera paregabea beraz, eskualdetik irten beharrik gabe. Ez izan zalantzarik, sarrera librea da eta. Zatoz!
Irailetik aurrera eta ikasturte berriaren hasieragaz, ingurugiro eta birziklapenari buruzko Inguru Minguru tailerrak bueltatuko dira Barrika, Berango, Lemoiz, Plentzia, Urduliz eta Gorlizko udalerrietara. Tailerrak 4 urtetik gorago umeentzat zuzenduta daude, eta iraila eta urria arteko bariku orotan tailer bat emango dute Mankomunitateko herri bakoitzean, arrastiko 17:00etatik 19:00etara. Helburua da haurrei erakustea ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste: baliabide naturalak modu egokian erabiltzearen arduraz sentsibilizatzea, hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabearaztea, baita birziklatzea eta berrerabilpena bultzatzea ere.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Sorne Gorozika: "Pintura-erakusketa hau bi zatitan banatuta dago. Kanpotik heltzen zaizkidan irudiak ia beti dira espezie desberdinetako ‘jendearen’ erretratuak. Barnekoak, ordea, nire buruan bueltaka agertzen dira, eta euskarri batean geldi uzten saiatzen naiz. Irudi horietako batzuk gizakiaren desnaturalizazio-prozesuaren ideian daude integratuta, haitzuloetatik ezerezera deritzodan prozesuan". » Non: Erakusketa gelan» Egunak: Irailaren 22tik urriaren 22ra» Ordutegia: Astelehenetik ostilarera 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak eta igandeak, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara» Sarrera: Doan
Kurdistanen inguruko argazki erakusketa antolatu du Abian Kultur Elkarteak Algortako merkatuan (Torrene, 4). Ikusgai egongo da astelehenetik ostiralera, 08:00-14:00 artean. Herriko dendetan erosi eta bitartean kulturaz gozatzea ez da gauza makala. Animatu eta pasa zaitez.
Barikuan, hilaren 6an, hasiko da arte eszenikoak oinarri hartuko dituen Getxo Eszena programaren 41. edizioa. Hala, hilaren 22ra bitartean, askotariko diziplinetako ikuskizunen eskaintza zabala hartuko du udalerriak; guztira, 10 lan antzeztuko dira Muxikebarri antzokian, gehienak euskal konpainien eskutik. Sarrerak ohiko salmenta-lekuetan erosi ahal izango dira.
Bere 24.edizioan, herrietako plazak hartuko ditu Ostera kultur saio ibiltariak, zuzen zuzenean eta doan. Hala, diziplina anitzeko egitarau kultural zabala eskainiko du: DJ-ak, dantza, irudi ikuskizuna, kale animazioa, musika…Denetarik eta denentzako. Azaroaren 18an eta 19an Gorlizen ospatuko dute Olaia Inziarte eta Afrika Bibang artistakaz, eta azaroaren 25ean eta 26an Urdulizen, Xsakara eta Sonakay taldeakaz. Zapatu arrastiko emanaldiak 19:00etan hasiko dira eta gazteei zuzenduta daudenez, musika izango dute ardatz. Domekakoak berriz, publiko zabalago bati zuzenduta daudenez, eguerdiko 12:00etan hasiko dira.
Urtero legez, bueltan da GetxoExpress festibala. Film laburren express-jaialdia hilaren 20tik 22ra bitartean izango da, eta parte-hartzaileek 42 ordu izango dituzte film labur original bat idatzi, grabatu eta muntatzeko, antolatzaileek emandako gaian oinarrituta. Saria 1.000 eurokoa izango da. Taldeka parte har daiteke, gehienez bost kidez osatutakoa. Aurretik, eguenean, erronkari aurre egiteko gomendioak jasotzeko tailerrak egingo dituzte Getxo Sormen Hubean.
Ekin Bidaia gazteekintzailetzako programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak Uribe Kostan eskualdeko Udalakaz duen Gaztedi Uribe Kosta hitzarmenaren bidez. Programa horrek ideia batetik abiatutako proiektu ekintzaileei laguntza ematen die, kontzeptu horretan sakonduz eta abian jartzeagaz lotutako alderdi guztiak landuz. Horretarako, bidaiaren analogia erabiliko dute: irteeratik (ideia) helmugaraino (azken proiektua), geldialdi desberdinez osatutako ibilbidea egingo dute. Parte hartzeko ondorengo inprimakia bete daiteke urriaren 19a baino lehen: izen-ematea hemen.
Urrian hainbat ekimen antolatu ditu Gorlizko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldien barnean. Besteak beste, hilaren 20an, Latsariak dokumentala proiektatuko dute Gorlizko udaletxean, arrastiko 19:00etan. Hala, herriko emakumeen bizipenen eta testigantzen lekuko izan zen gunea oroitu gura dute, izan ere, emakumeen harreman sozialerako topagune izan ziren horiek. Halaber, Sertutxena eraikinean Mitologia pertsonaiak erakusketa egongo da ikusgai hil osoan zehar. Bertan, Aritza Bergara idazleak egindako deskribapenak eta kondairak egongo dira. Bukatzeko, urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko dute: arrastiko 17:00etatik aurrera Ibarreta plazan, musika, dantza tradizionalak eta jatekoa eskainiko dituzte. Hala, Gorlizko bizilagunek herriko euskal kultura eta mitologia ezagutzeko aukera izango dute gau ahaztezin batez gozatzen duten bitartean.
Sopelako Munarrikolanda Mendi Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta, horregatik, hainbat ekintza antolatu dituzte herrian azken hilabeteetan. Hil honetan, mendiari eskainitako asteburua antolatuko dute tokiko Udalaren laguntzagaz urriaren 20tik 22ra. Hala, hainbat mendi dokumentalen proiekzioez gozatuko dute herritarrek Silvia Vidalen eta Luis Miguel Eguiluzeren istorioen parte hartzeagaz batera. Gainera, Mendi Film pelikulen emanaldia ere egingo dute.