Palestinar herria jasaten ari den eraso bortitzak barruak astindu dizkigu. Elkartasun keinuak askotarikoak izan dira Euskal Herrian, baina gertatzen ari dena gelditu eta aldatzeko, ondo ulertu beharra dago. Horretarako, Sortuk hitzaldia antolatu du Abian Kultur Elkartean. Txente Rekondo nazioarteko analista solaskide, Palestinan gertatzen ari denarekiko irakurketa kokatzea da asmoa, errepaso historiko bat eginez eta ezkerreko independentismoaren begiradatik azalduz gatazka. Bere oinarrizko arrazoiez eta Palestina aske baten bidean artikulatu beharreko indarrez arituko zaigu Txente.
18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sexu hezkuntza eta heziketa emozionaleko begirale ikastaroa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Zehazki, Sopela, Berango, Barrika, Gorliz, Leioa, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizen erroldatutako lagunentzako ikastaroa da, betiere tokiko elkarteetako edo kolektiboetako partaideei zein banakoei zuzendutakoa: magisteritza, pedagogia, psikologia ikasleak, begiraleak, entrenatzaileak, etab. Izena eman daiteke aurrez-aurre Sopelako Kurtzio Kultur Etxean, astelehenetik barikura (09:00-14:00/16:00 -20:00) eta zapatu eta domekatan ere (11:00-14:00/17:00-20:00). Halaber, online ere egin daiteke hemen.
Ekin Bidaia gazteekintzailetzako programa abiarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak Uribe Kostan eskualdeko Udalakaz duen Gaztedi Uribe Kosta hitzarmenaren bidez. Programa horrek ideia batetik abiatutako proiektu ekintzaileei laguntza ematen die, kontzeptu horretan sakonduz eta abian jartzeagaz lotutako alderdi guztiak landuz. Horretarako, bidaiaren analogia erabiliko dute: irteeratik (ideia) helmugaraino (azken proiektua), geldialdi desberdinez osatutako ibilbidea egingo dute. Parte hartzeko ondorengo inprimakia bete daiteke urriaren 19a baino lehen: izen-ematea hemen.
Azaroagaz batera, Ludotekak hainbat jarduera prestatu ditu Barrikako umeentzat: mahai jokoak, sukaldaritza, kirola eta eskulanak.