Herritarren artean euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak Izki parke naturalerako ibilaldia prestatu du domeka honetarako, hilaren 27rako. Zehazki mendizaleak Apilaiz herrira joango dira eta, handik, Izki mendigunea zeharkatuz, Arluzea herrira ezagutuko dute. Autobusa dohainik izango da, Lemoizko Udalari esker. Armintzako bus geltokitik aterako da autobusa goizeko 08:30ean.
Bizkaiko Foru Aldundiak 200 ibilbide, bisita gidatu, tailer eta hitzaldi baino gehiago antolatu ditu urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizioan. Ekimen kultural horren barruan Uribe Kostako udalerrietako hainbat altxorrak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere egongo da.
Gorlizeko Dastatu Urria ekitaldia bueltan dago, udazkeneko egutegian mikologia, gastronomia eta artisau-garagardoa gustuko dituztenentzat ezinbesteko topaketa. Hiru egunetan zehar, urriaren 25etik 27ra, herritarrek zein bisitariek herriko eta eskualdeko sukaldaritza eta kultur aberastasuna balioan jartzen duten jarduerez gozatzeko aukera izango dute, bertoko produktuetan eta perretxikoen munduan sakonduz. Azken egunaren zati handi bat helburu solidarioetara bideratu dute, hala nola herriko saltokiek Martinari FIRES sindromearen aurkako borrokan laguntzeko oparitutako produktuen zozketa.