Tokiko merkataritza dinamizatzeko eta bultzatzeko asmoz, Goskoak, Gorlizko Ostalaritza, Merkatari eta Zerbitzuen Elkarteak, eta Gorlizko Udalak Gabonetako Apainketa Lehiaketa berri bat antolatu dute aurten. Parte hartzeko epea zabalik dago abenduaren 20ra arte eta izena eman gura dutenek goskoa@gmail.com helbidera mezu bat bidali behar dute. Bertan zehaztu beharko dituzte izena, telefonoa, dekorazioaren argazkia, apainketaren helbidea eta izenburua.
Abenduaren 1ean, Elanchove lurrunontziaren hondoratze misteriotsua erakusketa inauguratuko dute Plasentia de Butron Museoan. Erakusketa Idoia Ibañez Espainiako Merkataritza Itsasketako lehen emakume kapitainak komisariatuko du, eta Merkataritza Itsasketako Kapitainen Bizkaiko Elkartearen laguntza izan du. Erakusketak enigma historiko bat argitzea ez ezik, kaltetutako familiei omenaldia egitea ere bilatzen du, erantzunen zain dauden galderez betetako iraganari leiho bat irekitzeko xedeagaz.